Juan Luis Eizmendi Arsuaga
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Maria Luisaren epopeia

Ilustrazioa: Kristina Fernandez
Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Azken urte eroen ondoren, gazte garaiko esnatzeak ekarri zizkion gogora goiz hark. Begiak ireki aurretik sentitu zuen bere burua esna. Aurpegian sentitu zuen leiho irekiak sartzen uzten zuen goiz freskoaren arnasa, belarrietan ondoko piku ondoan zebiltzan txorien txioak, ondoko gizonaren arnasa eta gorputz ezagunaren goxotasuna. Apurka bere buruaz jabetu zen. Gogoratu zituen adabatzeko zeuden etxeko trapuak, eta pasaratu beharrean zeuden zigarro muturrekin zulatutako mahai zapiak, eta hasperen batekin egunari ekiteko prest ireki zituen begiak.

Jantzi bitartean oroitu zituen atzean utzitakoak. Tabernaren baimena lortzeko zailtasunak, suhia izateko adina zuen gizona hartzeagatik begirada okerrak, alaben eta senideen ulertu ezinak, etxeari eusteko gai izango ote zen zalantzak. 

Orain, berriz, dena zuen alde. Tabernako lanarekin zerbait irabazi ere egiten zuen. Bi alaba zaharrenak ezkonberriak, eta lehenengo iloba jaioa. 

Etxekoentzat gosaria prestatu zuen aurrena; txokolate mikatz katilukada eta bezperako ogia prest zituen Miren eta Joseba nerabeak jaiki zirenerako. Eltzeko kafea ere egina, eta gainontzekoek bakoitzak bere gustura moldatuko zuten gosaria, hark eta alaba zaharrenak jatetxeko martxa jartzen zuten bitartean.  

Apurtu, arrautza irinetan pasatu, beratu, birrindu, okinari harrera egin, eta ogi saskia biltegian utzi, egosi, eho, erre, erregosi, gizonari Donostiako garagardo fabrikatik zekarren jela biltegira eramaten lagundu, garbitu, gorritu, gainerre, irabiatu, iragazi, irakin, leundu, kiskali, loditu, jangela zerbitzatu behar zuten neskei mahaien moldaketa azaldu, mehetu, porrokatu, labean oilaskoak eta arkumea erre, su txikian arrainak saltsan jarri, su bizian bakailao tortillak egin, xerratu, zatitu, zukua atera, eta etxekoentzat haragi egosiarekin maneatutako arroza prestatu. 

— Sua! Sua! 

Garrasiak eskaileretan behera zetozen. Garondoko ileak tentetu zitzaizkion Maria Luisari. 

— Mari! Segi ezan alabarengana! —esku artekoak utzi eta eskaileretan gora abiatu zen bera ere. 

Istant batean jatetxean zegoen jende guztia eskaileretan gora eta behera zebilen, Maria Luisak garrasi egin zuen neska ikusi zuenean.

—Non dago sua? —galdetu zion. 

—Ez dakit! Erre usaina hartu dut! Eta bat-batean goiko eskailburuan kea antzeman dut! 

Bitartean Mari alabak bere etxebizitzako atea ireki orduko oihu egin zuen. Eztulka eta aieneka sartu, sehaskan zegoen alaba besoetan hartu eta kanpora atera zen. 

—Nire etxean dago sua! —esan zion amari eztulka eta negarrez—. Eskerrak umearen gelan ez den ia kerik sartu!

Hurrengo orduak erotzeko modukoak izan ziren. Suhiltzaileak dena puskatzen, urpetzen eta lohitzen; etxekoak trasteak kalera ateratzen; alaba negarrez kontsola ezin; eta nola ez, herriko begiluze eta zurrumurru banatzaileak dena ikuskatzen.

     —Zorionez, sua ez da etxe guztira zabaldu —esan zuen suhiltzaileen buruak—. Itxura denez, etxebizitza horretako sukaldeko ekonomikaren tximiniak hartu du su, eta zuek konturatzerako etxe zati horren teilatu azpian zabaldu da. Baserriaren teilatua bi gandorretan banatua dagoelako salbatu da gainontzekoa. 

        —Beraz, alde hori? —esan zuen Maria Luisak erretako aldea seinalatuz. 

   —Alde hori eraitsi beharra dago. Ez dago beste erremediorik —esan zuen. 

Eguartean jende ugari gerturatu zen, baten batek «bazkaria, orduan, ezingo dugu egin, ezta?» galdetu ere bai. Itzalak luzatu ahala, ordea, kuxkuxeroak desagertu, eta haien lekuan atsekabea bakarrik geratu zen. 

Eguerdian kalera ateratako trasteak bere lekuetan zeuden berriro, etxean usain sarkor eta kerratua zoko guztietan, Mari eta familia gizonaren arrebaren etxera joanak ziren. 

Hurrengo astea eromena izan zen. Lagunak eta sendiak bakoitzaren lanak utzi eta denek eman zuten ahal zuten guztia. Anaiak eta koinatuak erretakoa eraitsi eta txukuntzen hasi ziren. Ahizpa, iloba eta etxekoek ere bazuten lana, etxea garbitu eta margotzen jarri ziren.

Jakina da, lana ez da bukatzen harrikoa egin arte. Aizto, labana, edalontzi, erretilu, gopor, kopa, katilu, koilara, kazuelatxo, pitxer, plater, sardexka, ontzi eta gainontzeko jangelako baxera. Gero sukaldeko ontziteria, azpil, arrabol, burruntzali, botila-irekigailu, eltze, ohol, iragazki, kazola, lapiko, sukaldeko laban, zali, zartagin. Baita sukaldea eta tresneria ere, apal, mahai gain, hozkailu, labe, parrilla, su, suburu, ke-erauzgailu eta zoru. 

Jainkoak egin omen zuen bezala, zazpigarren egunean atseden hartu zuten. Astebetean jatetxea berriz ere martxan jartzea lortu zuten, eta berriz ere Maria Luisak bere aurpegirik alaiena erakutsi ahal izan zuen. 

—Etorri, ama, lana bukatu da eta! 

—Lana ez da inoiz bukatzen —esan zuen algara batean-–, guk hartzen dugu atseden! Hori ez al dute erakusten eskolan?

—Tira, Maria Luisa, utzi kontu horiek eta etorri pixka bat gurekin esertzera! —suhiak. 

—Eseri? Ja! Denbora hartzen dudanean, adabatzeko ditut etxeko trapuak, eta pasaratzeko zigarro muturrekin zulatutako mahai zapiak.

Eta horrela jarraitu zuen Maria Luisak bere epopeia. 

Idazleari buruz...

Juan Luis Eizmendi Arsuaga: 1970ean Lasarte-Orian jaioa. Herriko kulturgintza gertutik ezagutzen dut: dantza taldea, euskara elkartea, txaranga… Literaturan saiatzea berria da niretzat. Ikasturte honetan Bergarako idazle eskolan izena emateak jarri nau lantegi horretan. Benetako gertaeratan oinarritutako istorio hau idaztea da nire lehen saiakeretako bat.