Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Dibertitzea

Zein itsusia den emakume bat mozkortuta ikustea...». «Nola ibiltzen diren gaur egungo neskatoak edozein bazterretan pixa egiten...». Astakeriak dirudite, baina gaur eta hemen edozein tokitan entzuten diren komentarioak dira. Eta beti gogorarazten digute nondik gatozen. Gure herrietako tabernetan emakumeak sukaldean eta lanean bakarrik egoten ziren duela ez hainbeste arte. Lagunekin trago bat hartzea, mozkortzea, kantatzea, dantza egitea, barre algaraka egitea, buila egitea, kontrola galtzea, eguneroko arazoak ahaztea, parranda egitea... gizonentzat bakarrik zen. Emakumeak neurritsua eta arduratsua izan behar zuen eguneko ordu guztietan. Lo arin egin haurrak ondo zaintzeko eta parrandatik zetorren senarraren zapata zikinak logelatik ateratzeko. Hortik gatoz. Duela gutxi, ni baino hogeitaka urte zaharragoa den emakume batek esan zidan berak ez zekiela bakarrik taberna batean sartu eta kafe bat eskatzen. Ez zekiela taberna batean bakarrik sartzen. Eta erabat ulertu nuen.

Sanna Marin, Finlandiako lehen ministroa, fokupean egon da azken asteotan. Emakumea da, gaztea eta lagunekin parranda egitea gustatzen zaio. Dantzan, kantuan eta gozatzen agertzen den bideo intimo bat publikoki zabaldu da eta bazterrak nahastu ditu. Ondo pasatzeko bere abilidadea eta bere lana egiteko gaitasuna proportzionalki alderantzizkoak balira bezala. Pentsa, Sanna Marinek droga-test bat egin du bere herriaren eta munduaren aurrean garbi gera dadin ez zela drogatu. Egurtu dutenak bezainbat izan dira bere alde atera direnak, tartean emakume asko azaldu dira dantzan eta ondo pasatzen sare sozialetan.

Ez dakit zergatik, baina gehiago fidatzen naiz dibertitzen dakiten pertsonekin. Konfiantza ematen didate. Ondo pasatzeko gaitasuna pertsonen indargune garrantzitsua dela uste dut. Ondo pasatzen dugunean, lasaitu egiten gara, uneaz gozatzen dugu, ingurukoekin lotzen gara. Baina, ondo pasatzeko, seguru sentitu behar dugu, mehatxurik gabe, arriskurik gabe, lasai, espazio seguru batean... Eta horrelaxe zegoen Sanna Marin, lagunekin dibertitzen etxe pribatu batean lanorduetatik kanpo.

Gizonezko politikariak bestelakoak dira, noski. Ez ditugu inoiz ikusi mundu mailako mandatariak ekitaldi publikoetan balantzaka, itxialdi betean festa pribatuak antolatzen edota negozio potoloak putetxetan sinatzen, xanpainarekin eta puruekin.

Betaurreko moreak jartzeko beharraz asko hitz egiten da. Betaurreko horiekin emakumeak irakurtzeko modua ere irauli beharko genuke. Ondo pasatzea, kontrola galtzea, neurritsua ez izatea, aztoratzea, laineza izatea, barre egitea, gorputzak gorputzekin igurztea... horiek ere badira konkistatu beharreko espazioak.