JULIO PASTRIAN MENDIOLA - SALTO TRAINING

Udako ohitura desegokiak eta errutina

Urte osoan zehar gure gorputza osasuntsu mantentzeko eta bizitza- ohitura aktiboak geureganatzeko ahalegina egin eta gero, uda garaia iristen da, eta, horrekin batera, oporrak, asteburuko plan inprobisatuak, afariak… eta egunerokotasunean barneratuta ditugun ohiturak bat-batean ahazten ditugu. Egia esan, uda parteko hilabeteak ez dira errazak izaten alde horretatik. Lanean hainbeste hilabetez jardun eta gero gure gorputzak atsedena eskatzen du, jarduera fisiko maila murrizten dugu eta ia ez gara mugitzen. Urteko helburuak lortu ala ez, lana eginda dagoela ulertzen dugu eta trantsizio denboralditzat hartzen dugu.

Hori ikusita, bi aukera nagusi aurki ditzakegu. Batetik, jarrera aktiboa izan duten pertsonek opor sasoia atsedenaldi gisa har dezakete, egunerokoan jarduera fisikoa ongi barneratuta dutelako eta epe hau bukatu eta gero beren ohiko jarduerara bueltatuko direlako. Bestetik, ordea, jarrera eta ohitura desegokiek eragin negatiboa izan dezakete, pertsona hauen bizi ohiturak guztiz alda ditzaketelako eta sedentarismoan eror daitezkeelako. Hortaz, zer egin dezakegu? Erantzuna erraza da. Pertsona bakoitzak jarduera fisikoarekiko duen atxikimenduak definituko du bidea. Izan ere, jarduera fisiko erregularrarekin bakarrik lortuko ditugu lortu nahi ditugun helburuak.

Denok dakigu jarduera fisikoa, modu batera edo bestera, ondo datorkigula. Patologiei, arazo psikologikoei, gaixotasunei… aurre egiteko erreminta ezin hobea dugu eta orain aukera aparta dugu gure errutinaren barruan sartzeko. Egunero, jan ondoren hortzak garbitzen ditugun bezalaxe, tarteren bat hartu beharko genuke jarduera fisikoa egiteko. Hori esanda, uda ostea sasoi ona izan daiteke pertsona ez-aktiboentzat ere, beren ohiturak aldatzeko erronkari hel diezaioten. Iraila beti da gauza berrien hasiera; ikasturte berrian aurkituko ditugun ikaskideak, lanpostua aldatzen dugunean aurkitzen ditugun zailtasun berriak… Aldaketarako ordua iritsi da. Utz ditzagun alde batera gaixotzen eta okertzen gaituzten ohiturak eta has gaitezen gure bizitza hobetzen duten egoerak sortzen.