AMAIA URIBE
IRITZIA

Osasuna negozio bihurtzen denean

Bost urte eman ditut medikuarengana joatea saihesten, nirekin negozioa egiten ari zirela iruditzen zitzaidalako. Ameriketako Estatu Batuetan gaixo modura barik, diru iturri modura ikusten nindutela sentitzen nuen, eta medikuengan konfiantza izateari utzi nion.

Gogoan dut New Yorken medikuarengana joan nintzen lehen aldia. Kaixo esan eta berehala 10 orriko karpeta bat eman zidaten eta hamabost minutu eman nituen nire aseguru pribatuari buruzko informazioa betetzen. Orri guztiak bete nituenean, mediku asegurua neukala egiaztatu eta, orduan bai, kontsultara pasarazi ninduten. Ezpain baten koskorra neukalako joan nintzen, eta gernu analisiak eginda eta gripearen kontrako txertoa jarrita atera nintzen kontsultatik. Izan ere, aseguru ona neukala ikusita, nire bisitari etekina ateratzea erabaki zuen medikuak. Eta aseguru etxeak bidali zidan faktura ikusita, medikuak dirutza atera zuen nire bisitarekin.

Beste behin ere egokitu zitzaidan medikuarengana joatea. Lehenbizi asegurura deitu eta zerrenda bat pasatu zidaten, ze medikuk artatzea nahi nuen erabakitzeko. Bitxia egin zitzaidan ezagutzen ez nituen mediku horien guztien artean aukeratu behar izatea, baina, tira, dona-dona-katona egin eta joan nintzen batengana. Begiratu ninduen, eta ostean medikuak niri galdetu zidan ze tratamendu jartzea nahi nuen. Bi aukera eman zizkidan: garestia eta merkea. Eta ez nuen jakin aukeratzen, ordura arte Euskal Herriko medikuak esaten zidalako zer emango zidan, tratamendu horren prezioari begiratu barik. Eta, zalantza barik, gure osasun sistema izan da atzerrian bizi nintzenean faltan botatzen nuen gauzetako bat.

Etxera itzuli naizenean, baina, ez dut joan nintzenean utzi nuen Osakidetza bera aurkitu. Medikuak oso erreta topatu ditut. Erizainak, pribatizazioen beldurrez. Eta zerbitzua, tamalez, txarrera eginda. Gernika aldean, adibidez, pediatra bat jubilatu egin da eta, beste bat kontratatu ez dutenez, astean bi egunez ez daukagu kontsultarik. Ea nola azaltzen diodan nire semeari astearteetan eta ostegunetan ezin dela gaixorik jarri, ez dagoelako bera artatzeko pediatrarik.

Ez dakit zer dagoen horren atzean, baina Osakidetza horrela ikusteak asko kezkatzen nau. Gertutik ezagutu dut osasun sistema pribatua eta argi daukat gurean ez dudala halakorik nahi. Ez dut nahi diru sarreren araberako zerbitzua jasotzea. Ez dut nahi pobreentzat medikuarengana joatea buruko min bat izatea. Ez dut nahi medikuak ze tratamendu nahi dudan galdetzea. Ez dut nahi osasuna negozio bihurtzea. Osasun sistema publikoa nahi dut, kalitatezkoa eta euskalduna.