SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Beldurraz (I)

S. apurgarria,

Osatu al dira semeak? Eskolan utzi eta zure goizen jabe zarela sentitzen duzu berriz? Zu ezagututa, atzeratutako lanei ekingo zenien lehenbailehen; ez inork estutu zaituelako, umeak noiznahi gaixotzen direlako baizik. Bai, beldurrez bizi zara zu ere, badaezpadako beldurrez. Beldurra: norbera aztoratu eta mundua bezatzen duena. Beldurra: eguraldia berotu arren, hezurrek dar-dar egiten jarraitzea. Ezin egona eta egin ezina, beldurra.

Burutik kendu ezinik egongo zara, berriki, zure sorterritik gertu, klasea ematen ari zen irakaslea labankadaz erail duela ikasleak. Paris aldirietako albistea zure etxepean. Zurea ere badela onartu nahi ez duzun munduaren zauria zure bizitzaren mapan. Hildakoak zein hiltzaileak ibili dituzte zure karrikak. Baliteke biekin gurutzatu izana noizbait. Zuri hildakoarekiko zein hiltzailearekiko enpatia gurutzatzen zaizkizu, ordea. Eta beldur zara, inork bihotzik gabeko piztia izendatu eta artaldetik egotziko zaituen izu, idatzi dezakezunarekin zein ulertu daitekeenarekin itsu. Sentitzen duzuna zilegitu nahi zenuke, baina badakizu esateko daukazuna ez dela zilegi.

Azken hilabeteetan bere buruaz beste egiten saiatu den hamasei urteko gaztea bere irakaslea labankadaz hiltzeagatik espetxeratu dute eta ez du inork bozik altxa. Zuk ere ez. Presondegietako harresiak ez dira presoak ez eskapatzeko eraikitzen, harresi horien atzean zer gertatzen den ez jakiteko baizik. Ez duzu Zaballako eta Martuteneko kartzeletan bi presok euren buruaz beste egin dutela entzun?

Ordurako Whatsappera heldu zitzaizun mezuak zure buruaz beste bat egingo zuen, agian. Bahiketa-saiakera, egunero egoten zaren parkean. Bai, Brenda Navarroren “Casas vacias”, zure auzoan. Badakit errudun sentitu zinela parketik gertu ospitale psikiatrikoa dagoela pentsatzeagatik, baina zure seme bat bahitzen saiatu balira? Zer kontatu diezu semeei? Zer sentitu zenuen eskolan haurrei ezezagunekin hizketan ez geratzeko mezua zabaltzea hobetsi zutenean? Eta udaltzaingoak azkenean ez zela bahiketa-saiakera izan adierazi zuenean?

Alferrik ari zara zure burua Catherine Meurissen “La Légèreté” durduzagarrian babestu nahian. Edertasunak ez zaitu beti salbatuko. Badakit ezkaratzean kamerak jarri ala ez erabaki behar duzuela hurrengo komunitateko bileran. Ez dakidana da nork hartzen dituen zure erabakiak, zure beldurrak ala zuk.