SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Ihesaz

S.apurgarria,

Gogoan al duzu, pandemian, kortesiazko “ongi zaudela espero dut” maiztuegiarekin ekiten geniela mezuei? Aro bakoitzak ditu bere konbentzioak, aro bakoitzak bere eufemismoak. Zorua Garazi Arrularen ipuinetan nola arrakalatzen denean, dena da helduleku, zernahi ihesbide. Arazo gehienak ez dira hauteskunde-kanpainekin konpontzen. Bakoitzak daki zer nahi duen, zer ahal. Bakoitzak hautatzen du zoru etikoa ala zoru pelbikoa interesatzen zaion gehiago. Akaso, lasaiago bizi behar zenuke futbolak kontraesan guztiak baimentzen dituela jakinik. Ez duzu askorik behar: maitasun apur bat, oliba batzuk eguzkitan, liburu on baten itzala, galtzeko denbora pixka bat...Baliteke gutxi eskatzea izatea asko jasotzeko modu bakarra, baina bakanak dira Ezkaba bezain fidelak. Iheslekurik ez duzun artean, ez zara inongoa. Zure baitatik ihes egiten ez duzun artean, ez zara zure baitakoa.

Ihes horretan, askotan gurutzatu zara 1938ko maiatzeko iluntze hartan Ezkabako kartzelatik eskapo zihoazenekin. Jan-edana eskaini diezu, behe-lainopean ez galtzeko xenda ziurrena seinalatu, zailena egin dutela errepikatuz adoretu, zorte onena opa... Baina gailurrera heldu eta Iruñeko espetxe berriarekin egiten duzu topo, oraindik proiektu diren parke eolikoak iragartzen dituzten inguruko mendietako haize-errotekin. Uste duzu, berrehun urte barru, eskolatik zure semea behialako errotak bisitatzera eramaten duten gisan, haize-errota fosilduak ezagutzera eramango dituztela haurrak? Kontatuko al diete argindarraren zein gasaren fakturek patrika zulatu zizuten arte ez zinela askorik arduratu energia kontuez? Ulertuko ote dute klima-aldaketarekin kontzientziatuta zeundenean ere oporretara hegazkinez joateko zenuen tema? Bai, asko kexatu zinen gasoilaren prezioak goia jo zuenean, baina ez zenuen horregatik autoa garajean aparkatuta utzi. Beti izan zara hobea teoriarekin zure irudia garbitzen, praktikaren lokatzetan borrokatzen baino. Zure erosotasuna ezkutatzeko asmatu zenuen erasotasuna. Nik bezain ongi dakizu, futbolaz gain, badela kontraesan guztiak baimentzen dituen beste zerbait: kontraesanak dauzkazula aitortzea. Horrek ez du kentzen lasaiago bizi behar zenukeenik. Ez duzu askorik behar, orainaldi hau behe-lainopeko ihesaldia dela onartzea baino ez. Zure adimena gero eta artifizialagoa den bitartean, inoiz baino zintzoagoa da lurra, baina, hala ere, “ongi zaudela espero dut”.