Jokin Urain
IRITZIA

Aurreikuspenak

Dena aldatzen da, eta igarlearen ofizioa ere bai; gaur, behin eta berriz erakusten digute badirela gauzak etorkizunean nola izango diren jakiten itxuraz erraz samarrak, horretarako jainko txiki bat izan beharrik gabe. Eguraldia iragartzen digute, adibidez, eta ez biharamunerako soilik. Datorren hilean ere goizero eguna argituko duela igartzea bezain erraza dirudi, eta asmatu egiten dute meteorologoek, beti ez bada batzuetan eta hemen ez bada han. Bihar, etzi edo datorren asteburuan egingo duen eguraldia asmatzeko datu eta kalkulu jakin batzuez baliatzen dira, haizearen abiadura eta joerak, itsasoaren tenperatura… zer dakit nik!

Baina haizeen, itsasoen, ilargiaren eta antzekoen eraginaren ordez giza multzoen eta gizabanakoen faktoreak tartean direnean, iragarpenak egitea dezente konplikatzen dela ematen du. Ekonomiaren inguruan azterketa eta iragarpen dezente gehiago egiten da eguraldiaren bueltan baino; iragarpen serioak, zinez funtsa dutenak eta guztioi eragiten digutenak, ekonomiari dagozkionak direla esango du batek baino gehiagok, irabazi eta galeren estatistika soilera mugatu arren hori guztia. Batzuen irabaziak eta besteen galerak marrazten baitu, azken batean, ekonomiaren auzia. Esango nuke, hala ere, ekonomiaren inguruko iragarpen eta kalkulu horiexek direla, orokorrean, egiten diren guztien artean engainoso eta tranpatienak, terminologiatik hasita, gehiengoak ez ulertzeko moduan azaltzen direlako besteak beste.

Enpresa eta bankuen irabaziak, proiektu berrien balizko onurak, langabezia edo enplegu tasak eta gainerakoak kalkulatzen dira, baina ez da kalkulatzen —edo norbaitek kalkulatzen du baina ezkutuan gordetzen da— urtebeteko epean lanean zenbat pertsona hilko diren. Etorkizunerako aurreikuspen ezagunik ez dugunez, iraganera begira jarri gaitezke: iturri batzuen arabera, iaz 58 pertsona hil ziren Euskal Herrian lanean ari zirela. 2022an, berriz, 69 langile hil ziren, eta 2021ean 68. Eta aurten, 2024 honetan, urtarrila amaitzerako baziren hamar pertsona lan istripuetan hildakoak. Euskal Herrian guztiak, jakina.

Lehen hilabetea amaitu aurretik hil badira hamar langile, zenbat gehiago hilko dira urtea bukatzerako? Eta, iazko balantzeak eta irabaziak ikusita, zenbat gehiago irabaziko dute aurten bankari eta enpresari handiek? Eta zenbat gehiago nahiko dute hurrengoan?