Amaia Uribe
IRITZIA

Gaza

Hilabeteak dira egunkaria irekitzeak beldurra ematen didala. Hilabeteak dira telebistako albistegiak ikusteak min ematen didala. Ezin dut jasan Gazako genozidioaren lekuko izatea. Ezin dut. Eta ez naiz bakarra. Konturatu naiz nire semeak ere begirada jaisten duela Gazako umeen irudiak agertzen diren bakoitzean. Zazpi urte baino ez dituen arren, badaki gertatzen ari dena basakeria hutsa dela eta bera bezalako umeek ez dutela halakorik merezi.

Bonbak gutxi ez, eta Gazako zibilak gosetea jasaten ari dira orain. Kartzela batean baino okerrago daude. Beraiek ezin atera, eta laguntza humanitarioa ezin sartu. Hezur eta azal diren ume gizagaixoen argazkiek ere ez dute Netanyahuren bihotz gaiztoa bigundu. Bere etxeko jangelan irudikatzen dut. Oilasko izterra ahoan, bere aginduek eragiten dutena telebistan ikusten duen bitartean.

Nazio Batuen Erakundea ere hor dago. New Yorkeko eraikin elegantean, bilerak egiten dituzte bata bestearen atzetik. Hitz hutsak dira, baina. Ez dira gai ebazpen bat adosteko eta ez dira gai behar dutenei laguntzeko. Zer zentzu dauka hainbesteko kostua daukan erakundea izateak, bakea lortzeko ez bada?

Hamar minututik behin ume bat hiltzen edo zauritzen dute Israelgo soldaduek. Mendekua urrunegi iritsi da. Enpatia eza gehiegizkoa da. Netanyahu geldiarazi behar da. Orain.

Jakin badakigu Israel geldiarazi dezakeen bakarra Joe Biden dela. Nahikoa litzateke telefono dei bat egitea, bere aliatua presionatu eta gerra bidegabe honi amaiera jartzeko. Arazoa da hauteskunde urtea dela Estatu Batuetan eta judutarrek indar handia dutela han. Kalkulu elektoralak egin ditu Bidenek, eta gehiegi ez inplikatzea erabaki du. Tristea da, bidegabea da, gordina da, baina errealitatea da. Beste behin ere, politikarientzat, bizitzek baino garrantzia handiagoa dute botoek.