Sustrai Colina
IRITZIA

Berriaz

S. apurgarria,

Zu agurtzeko formula aldatzekotan egon naiz. Berrizalea zara zu ere, ezaguna zaizunaren baitako berrizalea. Zaleek beti aurreko diskoa eskatzen diotela irakurri diozu kantautoreari. Zuri buruz ari zen. Errutinari ihes egiteko gai zarela sinesteko behar dituzu nobedadeak; errutina iraultzen ez duenari deitzen diozu berrikuntza.

Horregatik urtero barre egiten duzu Aberri Egunak, Jakan ala Ezkarain ospatuta, jende gehiago bilduko lukeela entzuten duzunean. Horregatik galdetzen duzu zinezko sorpresak posible ote diren oraindik, bere hurrengo urtebeteko aisia planifikatuta eta erosita daukanari ezer onik ekartzen ahal dion etorkizunak edo, besterik gabe, hauteskunde-inkestek hauteskunde-emaitzek baino gehiago balio duten. Apurgarria zarelako ez dut zu agurtzeko modurik aldatu; beti bezala hasi natzaizulako jarraitzen duzu apurgarria izaten.

Ahaztua izateko eskubidea aldarrikatu du hiltzaile matxistak. Bizi zaren hiriko alde zaharretik paseoan, lurreko oroigarriei so, entzierroan hildakoak eta frankismopean eraildakoak berdinak ote diren galde egin dizu semeak. Memoria histerikoa. Memoria historikoa. Bihar ahaztuko duzu zure aste santuko oporraldia. Etzi hasiko zara zure datorren udako bidaia gogoratzen. Mendira sarriago irtengo zarela promes egingo didazu, orekatuago jango duzula, Celine Songen “Past Lives” ikusiko duzula berriz, ez zarela sakelakoari begira biziko, zure agenda ez dela gehiago noiznahi zapaldu zaitzakeen trena izango, arropa berria erosiko duzula behingoz. Zure euskal aktore kutunak jantzi-denda batean lan egiten duela oroitaraztea nahikoa izango da oinak lurrean jartzeko. “Mesfida zaitez” dio Bea Salaberriren azken eleberriaren izenburuak. Mesfida zaitez munduaz, mesfidatu besteez baina, batez ere, mesfida zaitez zure buruaz.

Noiztik zabiltza gauzak behar bezain ongi egiten ez dituzun sentipena soinetik erantzi ezinda? Dena pasatzen dela errepikatzen diezu ingurukoei, hezurrak beratu arte luzatzen zara dutxan eta, aspaldion, zu zara merendurako nutella-ogitartekoa nahi duten galdetzen diena semeei.

Badakit futbolaz hitz egiteko eguna dela gaurkoa. Futbolak ez du sekula ahaztua izateko eskubiderik aldarrikatzen. Bihar hasiko da atzoko partida ahanzten. Etzi ekingo dio hurrengo norgehiagoka gogoratzeari. Horixe da aurreko diskoa etengabe berritzea. Eta zu berrizalea izan, ezaguna zaizunaren baitako berrizalea.