SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Ederraz

S. apurgarria,

Saia nintekeen bestela hasten, urtea baino zerbait gehiago aldatu dela sinetsarazten, baina egunkariek atzoko Bilboko manifestazioaren argazkia dakarte azalean (egun handietako giroa zazpi kaleetan), merkealdietako sukarrak jota dabiltza merkatalguneak (zu ere beherapenetan?), urtarrila gainontzeko hilabeteak baino malkartsuagoa delakoan kontsumitzaileak (bai, zuri buruz ari naiz), aurtengo sagardoa iazkoa baino hobea dela proklamatzeko prest sagardogileak (txotx!) eta zu, Donald Trump presidente kargua hartzear dagoela entzuten duzunero noizbait laga ote zuen galdezka. Animalia bat zara, ohiturazkoa. Besterik da zuk eraikitzen dituzun zure ohiturak ala zure ohiturek erakitzen zaituzten zu.

Esaterako, azken auto-ilara amaigabeak preso harrapatu zintuenean, zenbat iraun zenuen sakelakoari begirik bota gabe? Zergatik madarikatu zenuen Nerea Loiolaren “Zebrak eta bideak” etxean ahaztu izana? Zenbat denbora behar izan zenuen, errepideak bakarrik ez, mundua eta pertsonak ere kolapsoaren mugan daudela sentitzeko? Zergatik baliatu zenuen ez aurrera ez atzera zeunden denbora dentistarenean hitzordua hartzeko, entregatu beharreko artikuluaren eskema zehazteko, behiala oporrak igaro zenituen kanpineko prezioen berri izateko ala ikusi nahi dituzun telesailen zerrenda osatzeko? Aspaldi entzun gabeko Neighbor-en “Ura patrikan” aditu zenezakeen, begiak itxi eta zure baitatik ihes egin, zerumuga zabaldu eta istripuetarako tartea utzi. Istripuetarako tartea? Hildako baten berri eman zuen irratiak handik ordubetera. Oraindik ez duzu hildako hura zu izan zintezkeela pentsatu.

Eta horrela hasi duzu urtea, auto-ilaren kupoa beteta, konplituko ez duzun promesik gabe, ispiluari parekoa zu al zaren itaunka, aurtengo suteetatik ere salbatu beharrekoa zurekin eramango duzun esperantzan.

Atzoko Bilboko manifestazioaren argazkia dakar egunkariak. Ederra da oraindik mobilizatzen den jendearekin bizitzea.

Aurtengo sagardoa iazkoa baino hobea dela proklamatzeko gertu daude sagardogileak. Ederra da pasio bat duen jendea. Ederra, pasio bat izatea.

Urtarrila gainontzeko hilabeteak baino malkartsuagoa delakoan daude kontsumitzaileak. Ederra da kontsumitzaile ez sentitzea.

Merkealdietako sukarrak jota dabiltza merkatalguneak. Sukar horrek erasanda jausi da auzoko fruta-denda. Ederra da autoengainua?

Saia nintekeen bestela hasten.