AMAGOIA MUJIKA
IRITZIA

Ez desioen zerrenda

Urte berria jantzi dugu aurrekoaren gainetik. Tira, aurretik jantziak genituen urte guztien gainetik, egia esan. Horiek denak baikara, aurretik bizitako urte guztiak.

Nahiko eskasa naiz balantzeak egiten. Ez dakit esaten nolakoa izan den 2024a. Hobea izan zitekeela etorri zait boteprontoan. Okerragoa ere izan zitekeen, hori seguru.

2025. Gauza serioa dirudi. 2000. urtean sartu ginenean zoratzen ospatu genuen, halako zenbaki ponpoxoa eta guk ezagutu. Zirrara berezia eragin zigun. Gaurtik begiratuta, igual izango zen oso gazteak ginelako eta laineza ez zitzaigulako falta gorputzetan. Urteak jantzi ahala, gaztetasuna esaten zaion azal hori gero eta urrunago geratzen da. Gabonetako mahai zaratatsuetan orain beste batzuk dira gazteak.

Ez diot ezer eskatuko 2025 honi. Dagoeneko ikasi dut ezer ez dela besterik gabe etortzen; edozeren bila abiatu egin behar da. Sofatik altxa eta abiatu. Eta, hala ere, akaso ez duzu lortuko. Baina ipurdia ez mugitzea erabakiz gero, ez daukazu kexatzeko puxtarririk.

Liburu on bat sartuko dut poltsan goizero 2025 honetan, badaezpada. Autobusa berandu iristen denean irakurtzeko, erietxeko itxarongelan irakurtzeko. Nahiago nuke autobusa garaiz ibiltzea beti eta erietxean denborarik ez pasatzea, baina hori ez dago nire esku. Nire esku dagoena da itxarote horretan zer egin, haserretu edo irakurri. Askotan, haserretu eta irakurri.

Saiatuko naiz zaintzen, ingurukoak eta nire burua. Arnasa patxadatsu izaten eta gorputzari entzuten. Bizitza bihurtu zaigun erlojuaren kontrako lasterketa honetan, erritmoak kontrolatzen eta bizitzen bizirauten baino maizago.

Musika entzungo dut, erritmoa pausatzeko edota bizkortzeko, nire baitara biltzeko. Gustuko ditudan abestien zerrenda osatzen jarraituko dut.

Isiltasunaz gozatuko dut, bakarrik edo lagunekin. Bi adiskide lasai asko egon daitezke ondoan jarri eta isilik, ezer esan gabe, isiltasuna hausteko beharra sentitu gabe. Burrunbada nagusi den garaiotan, isiltasunari tokia egiten saiatuko naiz.

Entzuten saiatuko naiz, nahiz eta beti ados ez egon. Entzuten diren astakeriekin asko ez asaldatzen saiatuko naiz, matxosfera eta fatxosfera hain harroxko dabiltzan honetan. Haserretik baino, beste nonbaitetik erantzuten saiatuko naiz.

Tira, azkenean desio melengen urteroko zerrenda. Ez dira beteko, baina terapeutikoa izan da une batez baietz sinistea.