Gogoetan
Holako lekuetan ikusten diagu elkar, eta gaitz erdi besteren bati bisita egitera gatozen bitartean», lagunaren diosala beilatokian. Ez dakit etxera bueltan gogoeta egiteko gai aproposa ote den. Horretarako ere aldea egongo da beharbada filosofoa ala matematikaria izan, edo ez, auskalo, nork daki, aldi berean filosofo eta matematikaria denak izan ezik. Konponbiderik ez duen auziari alferrik eragiten aritzea dela esan nezake alde batera, baina halako gorabeherekin itzuli-mitzulika ere denbora asko ematen dugula iruditzen zait, eta ez genuke pentsatu behar horregatik denbora galdua denik.
«Urtea hasi besterik ez eta hau martxa», lagunaren jarraia. Ez zela zaharra ere, oraindik sasoiko, baina… Adinak aurrera egin ahala azken egunera hurbiltzen gaitu erremediorik gabe. Eta hala ere urteak pilatzen jarraitu nahi genuke guztiok, edo gehienok, bizitza heriotza baino mikatzago ez den bitartean behintzat. Urtearen hasiera inguru hau egitasmo eta amets handien aroa izan liteke, gainera, derrigor hala izan beharrik ez daukan arren. Berez, urte aldaketari itxaron beharrik gabe egun bakoitzak eskaini lezake proiektu zaharrak berritzeko edo berriak asmatzeko une apropos bat.
Urtea luzea izan daiteke, luzeegi ere bai zama astuna tatarraska eraman behar baduzu. Urte berriarekin txirikordatutako egitasmorik bikainenak erdibidera iristerako zapuztuta gera zaitezkeela erakusten dizu eskarmentuak. Edo eskarmenturik eza da, edo patua, zaputz bakoitzaren ondoren behin eta berriz asmo berrietara bultzatzen gaituena? Ikusi eta entzun besterik ez baitago lehen hilabeteak inguru hurbiletik eta urrunetik eman dizkizun berriak, irratiak batzuetan eta telebistak besteetan goizetik gauera zipriztintzen dizkizutenak: Laudioko fabrika itxi eta behargin guztiak lantokirik gabe utziko ditu multinazional batek; epaileek tinko eta inpunitate osoz jarraitzen dute gazteleraren mesedetan euskara eta euskal hiztunen eskubideak birrintzen; herri birrinduen zerrendarako utzi dute Gaza menia sinatu aurretik… Baina zerrendak egiten hastea arriskutsua izaten da askotan, beti geratzen delako etorkizuneko liskar piztaileren bat aipatu gabe.
Berri pozgarrien agentzia bat asmatu behar luke norbaitek, asmatuta ez badago behintzat. Eta, asmatuta badago, publizitate handiagoa eman behar litzaioke, denok jakin dezagun zein den eta nondik nora dabilen.



