SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Zarataz

S.apurgarria,

Arreta bereganatu behar du hasierak, erakarri, amu izan. Naziek legez altxatu du besoa X sare sozialaren buruak. Zertarako dira maskarak? Zertarako inauteriak? Hainbat enpresa handiren itxierak iragartzen ditu egunkariak, greba hotsak dakartza irratiak, emakume bat etxegabetu dute auzoko herrian eta, horregatik, bizitzaren ederrari kantatzeko agindu du gai-jartzaileak. Apartamentu turistikoek auzoko komertzioan duten eragin suntsitzaileaz, autoa uzteko leku eskasiaz nahiz osasun-etxean artatua izateko igaro beharreko odiseaz kexu dira auzo batzarrean eta, hala ere, auzotasunaren aldeko aldarri bat sentitu duzu haserrean. Migratzaileekiko elkartasuna zein Aroztegiko lurren defentsa epaitu dituzte eta, aldi berean, baratze parte-hartzaileak lugorritu dira sorterrian. Eskuin-muturra zure sen primitiboenarekin konektatu nahian dabilen gisan jotzen du alternatibak oinarrietara: lurra, pertsonak, bizitza.

Ez al duzu gauza bera egiten zuk ere? Zer bilatzen duzu itolarritzen zarenean? Mendia, ibai bazterra, neguko hondartzaren sosegua, ekaitz arratsetako olatuen oldarra. Non topatzen duzu babesa korronteak haize-kontra ahitzen zaituenean? Frontoira joan nahi duten galdetzen diezu semeei, astebururako plan perfektua amesten duzu L.rekin, bazkaltzeko eguna hitzartzen J.rekin eta, oharkabean, Lorelei L´Affeterren “Les Faux Lieux” gomendatzen dizu D.k. Sakonago hartzen duzu arnasa bizitza txokolate ona eta konpainia hobea dela sinestera heltzen zarenean.

Arnasa estukoa zara, baina. Dardara batek astintzen dizu bizkarrezurra, biharko txitxirioak beratzen jarri eta sakelakoak humusa prestatzeko errezeta iradokitzen dizunean. Hozkaren hozkaz zure mingaina zauritzen duzu, Gipuzkoaren milurtekoaren karietara Elena Barrenari buruzko aipamenik inon irakurri gabe jarraitzen duzula jabetzean. Arreta zeureganatu, erakarri, amu izan... Berdin da hasierez, asmoez, ebentoez ala pertsonez ari zaren; nekez bihurtzen da lan isila entzutetsu, erraz entzuten dira zenbait isiltasun.

Ez duzu zure etxe pareko orubean etxebizitzak eraikitzen hastera doazela idatzi behar? Kontatu oraindik atera ez duten zaratak amorratuta zauzkala dagoeneko, abiatu ez diren obren hautsa arnasten duzula jada. Zertarako dira maskarak? Zertarako inauteriak? Pertsona ona zarela pentsatzen duzunean ez diozu inori mesederik egiten, zuri ere ez.