Ione Rodriguez - Salto Training
KIROLA

Telelana eta osasuna

(Getty)

Telelanak gure lan egiteko modua aldatu du, malgutasun eta erosotasun handiagoa eskainiz. Halere, osasunean ere badu eraginik; batez ere, ariketa fisiko arloan. Luze egoten gara pantailaren aurrean, atsedenik hartu gabe, eta horrek gure postura, zirkulazioa eta ongizate orokorra kaltetu ditzake. Horregatik, garrantzitsua da telelanak gure osasun fisikoan nola eragiten duen ulertzea eta ariketa fisikoa eguneroko ohituretan integratzea.

Sedentarismoa izan daiteke telelanaren ondorioetako bat, eta horrek gorputzean hainbat arazo sor ditzake. Ariketa fisiko faltak postura txarra, muskuluetako mina eta gehiegizko pisua hartzea eragin dezake, baita gaixotasun kardiobaskularren arriskua handitzea ere. Gainera, atsedenik gabeko lanaldiak lan-tentsioa handitu dezake eta gure ongizate psikikoa kaltetu. Horregatik, funtsezkoa da eguneroko bizitzan ariketa fisikoa txertatzea, sedentarismoa murrizteko, eta gure egoera fisiko eta mentala hobetzeko.

Telelanean aktibo mantentzeko modu bat da jarduera fisikoak tartekatzea eta saio laburrak egitea. 5 eta 10 minutuko ariketa saioak egiteak eragin positibo nabarmena izan dezake. Adibidez, lepo, bizkar eta hanketako luzatzeak edo etxean paseatzeak odol-zirkulazioa hobetzen laguntzen du eta giharretako tentsioa arintzen du. Gainera, ariketa sinpleak, hala nola lan aulki moduan squats, push-up-ak edo fitball bat erabiltzeak postura hobetzen eta hainbat muskulu indartzen laguntzen du.

Laneko espazioa egokitzea ere funtsezkoa da. Mahaia eta aulkia altuera egokian jartzea postura txarrak saihesteko, standing desk bat (zutik egon daitekeen idazmahaia) erabiltzea, edo lan egiten dugun bitartean oinez ibiltzeko aukera izatea oso lagungarria da. Atsedenaldiak hartzea eta mugimenduan jardutea ez da soilik gorputzarentzat onuragarria, baita burmuinerako ere, kontzentrazioa hobetu eta nekea murrizten baitu.

Laburbilduz, gorputza aktibo mantentzea ezinbestekoa da produktibitatea eta ongizatea sustatzeko. Mugimendua funtsezkoa da, eta horri esker, lan-ingurune osasuntsuago eta orekatuagoa lor dezakegu, gure ongizate fisiko eta mentala babestuko duena.