Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Habemus

San Petri plazan festa eta fumata zuria. Gure herrietan kanpaiak dantzan. Habemus Papam. Aztoratu egiten naiz erlijioak oraindik nolako oihartzuna daukan konturatzen naizenean. Gure buruari sinetsarazi diogu paso egiten dugula, erlijiotik libratu garela. Aldiz, hor egon gara munduko bazter guztietatik tximinia ziztrin bati begira, noiz eta irudiaren garai distiratsu hauetan.

Elizak ez dira betetzen, baina elizako kantuak hor barruan ditugu jasoak, nahita ere ezin borratu. Hiletaren batera joan eta han abesten diren kantuak memoriak jasoak dituela ikusteak mugitu egiten nau. Gogoratu nahiko nituzkeen gauza asko ez ditut gogoratzen eta elizako kantuak, hortxe, ezin kendu memoriaren apalategitik. Akaso horrek erakusten du nolako zama izan duen kristautasunak gure hazkuntzan eta hezkuntzan.

Katekesira joaten ginen umetan eta herriko emakumeek ematen ziguten lezioa. Haiek kontatzen ziguten zein garrantzitsua den fedea izatea, zintzoa izatea, elkartasuna praktikatzea, gu baino okerrago daudenei magala eskaintzea, inbidiarik ez izatea, lagunen laguna izatea, gosea daukanari guretik pusketa bat ematea, elkar zaintzea, egia esatea... guk adi entzuten genituen katekesia ematen ziguten emakume haien hitzak. Gure haur begietatik konturatzen ginen haiek esaten zutena egiten zutela. Gu zaintzen gintuzten, apaizari jatekoa ekartzen zioten, sotana plantxatu, eliza garbitu, dirua bildu mezetan, testuak irakurri, abestu, gaizki pasatzen ari ziren herritarrak artatu. Guretzat jainkoa emakume haiek ziren, eta ez Elizaren goiko partean ikusten genuen tipo hezurtxo hori.

Batzuetan gustatzen zitzaigun araua haustea eta hain beldurgarri marrazten ziguten infernuan irudikatzea gure burua. Mezetan dirua biltzeko poltsa pasatzen zigutenean, barruan zeuden txanponak pixka bat astindu eta hurrengoari pasa. Nahiago txanpona gozokietan inbertitu apaizari eman baino. Gure haur begiekin garbi ikusten genuelako emakumeek bildutako dirua apaizak gobernatuko zuela gero. Elizako intsentsu usainak txartu egiten gintuen eta amesten genuen infernuan bestelako usaina egongo zela, San Juan bezperako suarena, adibidez.

Niretzat, kristautasunaren balio gizatiarrenek, gure jendartea hobea egin dezaketenek, emakume ahotsa daukate. Oraindik ikusten ditut emakume kuadrillak herrietako elizak garbitzen, astero-astero, sekulako fedez. Kanpotik begiratzen diot elizari, eta nirekiko pentsatzen dut Aita Santu berriaz gauza bakarra dakidala: ez da emakumea.