Joseba Sarrionandia
Idazlea / Escritor
OROILOREAK

Kurloiaren ehorzketa: sinboloaren prozesioa

«Hildako kurloia», Vincent van Gogh (Nuenen, 1885).
«Hildako kurloia», Vincent van Gogh (Nuenen, 1885).

1869ko martxoaren 25ean boluntario espainol batek, ustekabean, kurloi bat hilda aurkitu zuen Habanan, Armen Plazako adokin-zoruan, Kapitain Jeneralen Jauregiaren aurrean. Hildako txoritxo hori esku ahurrean hartu eta, begirune itzelarekin, Castillo de La Real Fuerzako guardiengana eraman zuen.

Kurloitxoa Espainiaren sinboloa zela kontuan hartuta, atezaintzako soldaduek lehenengo, eta haien mandoek gero, tristaturik, doluminez, txoriaren ehorzketa ofiziala zelan egin hausnartzen hasi ziren. Defuntuaren sinbolismoari zegokion agur-hileta antolatu beharko zen, zalantzarik gabe….

KOLONIALISMOA ETA SEPARATISMOA

Ez ziren denbora onak inperialismo espainolarentzat Kuban; are eskasagoa zen sasoia bertako gizajoentzat. 1868ko urriaren 9tik 10erako gauean Carlos Manuel de Cespedesek independentzia proklamatu zuenetik, eta askatasunaren ideiarekin batera errepublika demokratikoarena, eta esklaborik eta arraza bazterketarik gabeko gizartearena, sua haizearekin bezala hasi zen gerra zabaltzen Orienteko mendi aldetik mendebalderantz.

Botere koloniala agintean oinarritzen zen, bortizkeria handian. Ejertzitoaz gainera, Espainiaren integritate nazionala defenditzeko bazeuden “boluntarioak”, separatismoaren aurka penintsularrez osaturiko miliziak. Francisco Lersundiren agintaldian indarturiko erakunde armatu hau, inperio espainolaren defentsarako fronte politiko-militar ultra-integrista zen, kubatarren edozein erreklamazio odoletan itotzeko prest.

«Boluntarioak: Espainiaren integritate nazionalaren defendatzaileak» (Habana, 1869).

Errepresio ekintza gogorren protagonista izan ziren, batez ere intsurrekzioa hasi zenetik aurrera. 1869ko urtarrilaren 22ko gauean, esate baterako, Villanueva Teatroa asaltatu zuten, eta han antzezten zen zarzuelako ikusle asko hil edo zauritu. Boluntarioen arrazoia izan zen zarzuela hartan Espainia erridikulizatzen zela, eta ikusleek espainolez burlak eta barreak egiten zituztela.

KURLOIAK ETA BIJIRITAK

Irlako biztanleria bi jarrera politiko bateraezinetan banatu zen: “espainolistak”, egitura politiko koloniala egonkortu nahi zutenak; eta “separatistak”, independentzia hobesten zutenak neurri handiagoan edo txikiagoan. Dikotomia politiko horrekin, bi naziotasun edo “gutasun” eratu ziren; batzuek espainoltzat zuten beren burua, beste batzuk kubano moduan identifikatzen ziren.

Identitate bikoiztasun hori gauza askotara hedatzen zen, eta era bitxian lotzen zen batzuetan inguruko gauzekin. Analogia ornitologikoak indartu ziren, adibidez: “kurloiak” eta “bijiritak”.

Espainolak kurloiekin identifikatzen ziren. Kurloia (Passer domesticus, zientzia izenez) espainolekin batera heldua zen irlara XVI. mendean, txori batez ere urbanoa zen, teilatupean egiten zituen habiak maniguako zuhaitzetan baino gehiago, zuhurra zen, eta agindu egiten zuen bere territorioan, txori txikiagoak uxatuz.

Kubanoak, ostera, bijiritekin identifikatzen ziren. Bijiritak (Setophaga palmarum, eta antzeko beste batzuen izen arrunta), txori migratzaileak dira, baina bertakoak zirela uste zen, basoan ezkutatzen zirela. Bijiritak izaera egonezin, basati eta errebeldekoak ziren.

Alegoria zoologiko hori profitatzen zuten kubanoek batzuetan espainolen kontra deskargatzeko. Esate baterako, kurloiei buruzkoa ezik, antiespainola den dezima honekin:

«¿Tú no ves esos gorriones

que se posan en las matas?

Tienen muy largas las patas

y también son cabezones.

no los metas en jaulones

porque no saben cantar;

Vienen a Cuba a chupar

de la flor la mielecita

y a las pobres bijiritas

no las dejan resollar»

Kurloien kontrako bijiriten kantak, edo bijiriten kontrako kurloienak. Bakoitzak berea defenditzen zuen, naturala denez, bestearena gaitzesten zuen artean.

“Kurloiak” eta “bijiritak” orduan, bietatik ere ugari uhartean, txoritan eta jendetan.

Bijirita (Catalogue of the Birds in the British Museum, 1885).

NORK HIL ZUEN KURLOIA?

Baina, ustekabean, hilda agertu zen kurloi hori 1869ko martxoaren 25eko iluntze hartan Armen Plazako erramuen azpian. Ostegun Santua zen. Albistea azkar hedatu zen, atsekabe eta alarma itzela eraginez espainolen artean. Boluntarioak enteratu zirenean, amorruz beterik hasi ziren mendeku eske. Zeren kurloia ez da zertan berez hil, kubanoak hiltzen du maltzurkeriaz, ezkutuan. Espainiaren aldeko boluntarioek, “ongia” eta “gaizkia” bereizteko ahalmena aspaldian galduta zuten, baina oraingoan “ohoretsua” eta “erridikulua” zer zen nahasteko ahalegin groteskoak egin zituzten.

Hasteko, kurloia baltsamaturik ipini zuten Errege Indarraren Gazteluan (Castillo de la Real Fuerza), sarkofago txiki baina luxuzkoan, ohorezko guardia armatuarekin. Gizonek zentimoak eta emakumeek loreak ekartzen zizkioten, eta belaunikaturik otoitz egiten zuten herrikide defuntuaren arimaren alde.

Prentsa espainolak seriotasun hanpatuarekin eman zuen gertakarien eta, batez ere, gertakariek eragindako emozioen berri:

“Murió en su puesto, como soldado de honor, como Gorrión Voluntario, en la Plaza de Armas: allí está el cuartel de los gorriones; allí está La Fuerza; allí está el gobierno y España; porque allí está quien lo representa, el Gobernador Superior y Capitán General”.

Espainolismoaren diskurtsoa anitza zen, bestelako pasarte honetan ikusten denez:

“La muerte debió ser repentina y sin duda efecto de la debilidad; es de tradición que un jueves santo hasta los pájaros ayunen, y al buen Gorrión Voluntario le faltó voluntad para quebrantar su ayuno, y murió conmemorando la muerte del Salvador”.

Prentsak kurloiaren hiletan parte hartzeko gonbidapenak egin zituen, parte hartu nahi ez zuen jendea iraingarriro mespretxatuz.

Martxoaren 26an, Ostiral Santuan, abade entzutetsuak elkartu ziren Katedralean kurloiaren gorpua omentzeko elizkizunean. Domingo Dulce kapitain jeneralak (haren emazteak, loreekin), graduazio guztietako armagizonek, agintari zibilek eta bizilagunek parte hartu zuten meza solemne abestuan.

Hilaren 28an, kurloiaren hileta-prozesioa egin zen Habanako kale nagusietan barrena, hilkutxa zeramatela kapitain jeneralak eta hainbat agintari militar eta zibilek gidatutako martxan. Domingo Dulcek ez guztiz bolondres beharbada, boluntarioek begitan hartua baitzuten politikoki bakezalea eta militarki biguna zelakoan.

Prozesio hartako eskean mila ogerleko bildu ziren (ogerleko bat bost pezeta ziren), hurrengo zeremonia arranditsuetarako.

Victor Patricio Landaluzeren «El Moro Muza» aldizkaria kurloiaren aldeko prozesioan (Habana, 1869).

KUBA ETA ESPAINIA OSOA

Aste Santua pasatutakoan, kurloiaren gorpua uharteko beste hiri batzuetara eramatea erabaki zen, Kubako hiri guztietan zor baitzitzaizkion hiriburuan bezainbesteko ohoreak.

Habanatik abiatu eta Guanabacoan errepikatu zen hileta-prozesioa, Loma de la Cruz aldean kanpo-meza bat ospatuz. Ustekabean, bandera separatistaren koloreko globoak ikusi ziren airean gora dilindan mezak iraun zuen bitartean. Laidoaren ondoren, atxiloketak izango ziren hurrengo egunetan.

Matanzasen apirilaren 26an ospatu ziren kurloi defuntuaren aldeko zeremoniak. Hunkitu zen hango espainolen sentiberatasun patriotikoa. Apirilaren 27an heldu zen kurloi defuntua Cardenasera, tren espresean, Habanako eta Matanzaseko ordezkari militar eta zibilekin. Tren geltokiko harrera solemnean, bertako agintariekin, suhiltzaileekin eta publiko orokorrarekin, “Guamutako txapelgorriak” egon ziren, boluntario euskaldunak, ia heroiak Jagueyko intsurrekzioa galarazi berri zutenez gero. Kalerik kale eskolta eman eta, mezaren ondoren, Casino Españoleko saloian ipini zuten kurloiaren hil-kapera.

Cardenasetik Puerto Principera (gaur egungo Camagueyra) eraman zuten kurloi defuntua. Ez ziren harago joaten ausartu, Espainiaren kontrako sentimenduak sutsuak baitziren irlaren ekialdean, eta Habanarantz itzuli zen prozesioa. Hor ere baziren kurloien aurkako protestak, neska bat behintzat atxilotu zuten Marianaon “¡Viva Cuba!” eta “¡Viva Carlos Manuel de Cespedes!” oihu egiteagatik.

Kurloiaren hileta-prozesioak maiatzaren 18an amaitu ziren arranditsuki Habanako Ospitale Militarrean. Landa-mezarekin, maniobra militarrekin, soneto patriotiko hunkigarriekin. Ez zen txori huts bat hilobiratzen, baizik eta ohore espainolaren sinboloa.

Eta hori ezin zen horrela akabatu: kurloiak aberria errepresentatzen zuen. Gobernu kolonialak jardunbide xelebreak inplementatu zituen Espainia goratzeko. Esate baterako, penintsulatik ekarri eta irlako hiriak kurloiz birpopulatzeko saioak egin zituen. 1869ko abenduan Santiago de Cubako boluntarioek ehunka kurloi haindu zituzten. Egitasmo patriotiko bera gauzatu zen Las Tunasen eta bere hiri batzuetan.

Arrakasta handiarekin, kurloiz beterik dago irla oraindik, baina ez du ematen atarramendu politiko handirik izan duenik txori horrek Kuban. Kontrario gogorra izan du beti: arrano buruzuri amerikanoa. Eta, jakina, bijiritak.

ETA KATALANAREN KATUA?

Kurloi defuntuaren prozesioa pasatu eta gutxira, beste gertaera kezkagarri bat suertatu zen Guanabacoan. Kale-kaleko ikuskizun ikaragarria: katu bat kurloi bat harrapatu eta jaten.

Krimenaren lekuko izan ziren uniformedunek berehala atxilotu zuten katua. Katu txar, errebelde, filibusteroa. Epaitegira eraman eta zaindariak jarri zizkioten, ihes egin ez zezan, janaririk ez ematea adostuz. Inguruetako militarrak eta zibilak hurbildu ziren katua iraintzera. Intsurrektuen aurkako biraoekin eta bijiriten kontrako kantuekin egin zioten burla, katuari. Presazko epaiketan, Espainiako araudi militarra betez, gerra-epaileek heriotza-zigorra ezarri zioten felidoari.

Zoritxarreko momentua iritsi zenean, exekuzioa atzeratu egin behar izan zen, euri zaparrada ari zuelako eta, benetan eredugarria izateko, exekuzioa bizilagun gehienek zuzen-zuzenean ikusi behar zutelako.

Orduan katuaren jabea agertu zen, ustekabean. Katalan bat, etxeko katuaren bila zebilena, eta, boluntarioek preso zeukatela ikusirik, bere maskotaren inozentziaz oihuka. Esan zioten katua erruduna zela, eta “separatista kriminal” lez hilko zutela.

Katalana katu kondenatuaren errugabetasuna aldarrikatzen tematu zen. Aurrekari penal garbiak argudiatu zituen, eta katuaren sentimendu espainol sakonak. Sentimendu espainolak azpimarratu eta berretsi zituen batez ere, bereak eta bere katuarenak. Bera ere boluntarioa zela, eta berak bere katuarekin parte hartu zuela, zioen katalanak, kurloiaren prozesioan. Katua ere boluntario. Azkenean, lortu zuen epaiketa errepikatzea.

Prozesu judizial berrian, katalanaren argudioek lortu zuten epaileen bihotza biguntzea. Azkenean, katua absolbitu egin zuten “intentzio politikoen froga faltagatik”.