Jurgi Fernandez / Salto Training
KIROLA

Jarduera fisikoak gizarte integrazioan duen eragina

(Getty Images)

Jarduera fisikoa egungo gizartean gero eta garrantzi gehiago hartzen ari da. Edozein adin tarteetan jarduera fisikoan parte hartzeak gora egin du azken urteetan, eta, horrekin batera, arlo honen ikerketak. Gaur fenomeno honek gizarte integrazioan duen eraginaz mintzatuko gara.

Jarduera fisikoa, musikarekin batera, adibidez, hizkuntza internazional batean bilakatu dela esan genezake, gorputzaren mugimenduaren bitartez islatzen dena. Honek abantaila handi bat du, edozein pertsonak burutu dezakeela eta pertsonen arteko komunikazioa errazten duela. Honen eredu edozein kirol izan daiteke, non bi haurrek, nahiz eta hizkuntza berbera ez hitz egin, pilotan elkarrekin joka dezaketen, edo patinetan elkarrekin ibili.

Herrialde ezberdinen identitatean ere kirol tradizionalak sortu dira, bertako kulturaren ispilu gisa. Honek partaideen arteko harremanak bultzatu ditu, eta kulturaren garrantzia goraipatu.

Aldi berean, jarduera fisikoa taldean egiteak (ez da nahitaez kirol batean lehiatu behar) taldekideen interakzioa, lankidetza, lehiatzea eta errespetua eskatzen du. Gainera, jarduera berdina ezaugarri ezberdinak dituzten pertsonek burutzeak hauen arteko aurreiritziak eta estereotipoak apurtzen laguntzen du, denak abiapuntu berdinean jarriz. Bestetik, talde batean integratzeko erreminta bezala ere erabili daiteke, gustu eta interes bera duten pertsonen arteko harremanak bultzatuz.

Beste berezitasun bat, gaitasun ezberdinak dituzten pertsonen integrazioan izan duen boterea da. Horretarako kirol inklusiboa jaio da, non jarduera egokituen bitartez, gaitasun ezberdinak dituzten pertsonen parte hartzea areagotzen den, kirol berrien sorrera ekarriz (boccia, adibidez).

Amaitzeko, jarduera fisikoak ez ditu arraza, estatus soziala, jatorria ezta adina ezberdintzen; denak berdintzat hartzen ditu eta erreminta unibertsal bat da hezkuntza osasuntsu eta begirunetsu bat eskaintzeko. Jarduera fisikoari garrantzi gehiago eman beharko genioke bere osotasunean, hau da, hezkuntzaren arloan, gizarte integrazioan, osasun fisiko eta psikologikoaren arloan… eta ez kirolaren/mugimenduaren ikuspuntutik soilik aztertuz.