Jurgi Fernandez - Salto Training
KIROLA

Jarduera fisikoa egiten hasteko abiapuntua

(Getty Images)

Jarduera fisikoa egiteko erabakia hartzen dugunean eta horren beharra ikusten dugunean, zalantza asko sortzen zaizkigu. Alde batetik, hartutako erabakiaren jatorria dago, eta erantzuna gure barnean bilatu behar dugu: Zertarako hartu dut erabaki hau? Zein helburu dut? Neure burua jarduera fisikoa egiten ikusten dut? Benetan nik behar dudana da? Hainbat galdera egiten dizkiogu geure buruari eta barne hausnarketa bat egin behar dugu, askotan gustuko ez duguna baina beharrezkoa dena. Bestetik, ezjakintasuna dela eta, erabaki hori hartzeko zein pauso eman behar ditugun galdetzen diogu gure buruari: Nora jo behar dut? Zein da nik behar dudan jarduera? Zer da hobeto pilates edo crossfit? Gimnasio batean entrenatu behar dut? Horrelako makina bat galdera bururatzen zaizkigu, eta askotan laguntza behar dugu erabakia hartzeko.

Lehenengo galderaren erantzuna dugunean, hau da, gure helburua finkatuta dugunean eta pauso hori gainditu dugunean, jardueraren inguruko erabakia zenbait faktoreren menpe dago. Gehienetan, gizarteak, inguruko lagun/senideak, modak… erabaki hori hartzen laguntzen digute eta, kasu batzuetan bide okerra ez izan arren, ez da egokiena. Zein jarduera hautatu erabaki aurretik ezinbestekoa da gure abiapuntua ezagutzea, eta horretarako profesional batek balorazio funtzional egoki bat egitea aukera ona izan daiteke.

Adibide bat jarriko dugu; nire inguruko lagunek korrika egiten badute baina nik azken hamar urteetan oinez ere ez baditut astean 10 kilometro baino gehiago egin, agian korrika egitea ez da jarduera egokiena nire artikulazio, muskulatura eta gaitasun fisikorako. Alabaina, balorazio egoki bat egin ondoren, eta nire gaitasunetara egokitutako programazio baten bitartez, posible izan daiteke denbora tarte baten ondoren era egokian korrika egiteko gaitasuna berreskuratzea. Gainera, prozesu hori progresiboa eta egokitua izan bada, korrikaldien inpaktuak eragin ditzakeen lesioak pairatzeko arriskua txikiagoa izango da eta jarduera egunerokoan egonkortzeko orduan arrakasta handiagoa izango da. Hasierako balorazio funtzionalak informazio asko ematen du edozein pertsonaren egoera fisikoari buruz, hala nola mugikortasunaz, indarraz, teknika mailaz, gaitasun kardiobaskularraz, ahulezia eta indarguneez eta beste ezaugarri batzuez.