Garazi Albizua
IRITZIA

Urte berri on

Urtero izaten dut kezka bera: noiz utzi “urte berri on” esateari? Lagun batek dio, urte berriko asmoen zerrendari uko egiten dionean, bukatzen duela urte berria. Hiru aste-edo behar ditu erositako agenda edo koadernoan apuntatutako elikadura eta kirol errutinak bertan behera uzteko. Noizean behin, asmoren batek irauten dio otsaila arte, baina ez du neguko langa pasako. Halere, urtarrilero erosten ditu koaderno eta boligrafo berriak, eta txukun-txukun idazten du amestutako zerrenda.

Pentsatu eta egiten dugunaren arteko zuloa buruan dut azken boladan: aurrekoan, gabonetako parkera joan ginen alabarekin. Ninja dortoken treneko ilaran bi pertsona nagusi itxaroten ari ziren inolako igotzeko asmorik gabe, ume talde bat ordezkatzen ari ziren, ume talde horrek itxaron behar ez izateko. Nire bikoteari kexaka hasi nintzaion: «Zergatik ikasi, bada, itxaroten edota aspertzen? Adrenalina eta azukre igoerak gelditzen? Gainera, ume horiek besteon gainetik egon daitezkeela onartuko dute, pribilegioan blaituta». Nahiko astuna naizenez, jarraitu nuen: «Haurrak itxaroten ari dira, baina beste haur batzuk dira ordezko heldurik ez dutenak. Haiek eta besteak bereizketa hementxe bertan sortzen ari da!».

Haserre parean heldu nintzen bazkaltzeko txokora. Kartel batean, argi eta garbi ipintzen zuen mahaia erreserbatzea debekatuta zegoela. Kartelaren atzean, pertsona bat zegoen mahai handi bat motxilekin eta berokiekin hartuta, zazpirentzako lekua batek zainduta. Zur eta lur txapa ematen jarraitu nuen: «Horra hor beste pribilegiodun talde bat!».

Uste dut puntu honetan, jada, kapitalismoa ekarri nuela elkarrizketara. Eta alabari azaldu nion zergatik ez garen sekula joango VIP sarrerak saltzen dituzten jolas parke erraldoietara.

Eskulanak, azkenik. Ez zegoen itxaron beharrik. Kafe eta txokolatezko palmeraren bila joan nintzen ondoko salmenta postura. Alabak postala egin behar zuen txokoaren aurrean, banku antzeko batzuk zeuden. Ipurdia jarri bezain pronto, bikotekideak adierazi zidan hortxe edatea eta jatea debekatuta zegoela. Zerbait erantzuteko ahoa ireki nuen. Irri egin zidan. «Kapitalismo matxismo zuriak ez du oraingoan zer esanik?»; touché.

Astuna naiz, bai. Errepikakorra eta batere ez originala. Betiko matrakarekin ibiltzen naiz gora eta behera, batek daki noiz arte. Beharbada, urte berri on esateari uzten diodan arte.

Txokolatezko palmera gozo-gozoari haginka egin nion.