Olatua
Enpatia eza; urrunekoa; egin nahi zerbait, bai, baina zer?; ni ez naiz nor; nire ardura al da? Enpatia intimoa. Egin txikian, eguneko kontuetan. Agertu hurbiltasuna urrunean.
Palestina.
Utzi Carrefourren erosteari. Kendu Spotify kontua. Begiratu elikagaien barra kodea zerbait erosi aurretik. Hobeto: kontsumitu barra kode gabeko produktuak. Hobeto: ez ezazu kontsumitu. Murriztu. Igo mendira. Atera mahai joko bat. Amatatu telebista. Norbaiten urteurrena. Zurea. Gonbidatu lagunak etxera bazkaltzera. Erosi ardo berezia. Igandea da. Carrefour express bakarrik dago zabalik. Joan, agurtu dendaria, pentsatu igandea dela eta bera lanean dagoela eta zu, ardoaz gain, eskura eta burura etorri zaizkizun hainbat mugida erosten ari zarela. Heldu etxera. Entzun azkeneko podcasta. Spotify. Zu ez zaren beste norbaitena da kontua, harena da ardura; zurea, gustua. Pentsatu hor ere badagoela zerbait, ardoa ezpainetara hurbildu bitartean. Datorren asteburu plana pentsatu. Zergatik ez goaz antzerkira. Zergatik ez bazkaldu ekitaldiaren aurretik, jatetxe horretan. Zergatik ez erosi arropa dezenteak, gainera, beherapenak dira.
Venezuela.
Eta zuk zer? Baduzu zerbait esateko? Egiteko? Ardura, ardura txikian, intimoan. Ikusi AEBtik datozen produktuak zeintzuk diren, horiek ez erosi. Netflix kontua kendu, badaezpada. Egin aisialdiaren azterketa zorrotza. Ez irakurri eleberri horiek. Kultur erreferente hori errotik kendu. Ez jan hanburgesarik. Sekula ez jolastu boloetan. Lehen ere ez, baina, tira, orain erabakia hartuta. Euria ari du. Kendu hautsa aurreko mahai jokoari. Luzapena erosi beharko diogu. Bai, Wallapop edo horrelako batean, bigarren eskukoa, gutxiago kontsumitzeko. Ikusi auzokide banatzailea, furgonetan. Ez dut topatu Wallapopen, Amazonen ikusi dut merke-merke. Ez erosi Amazonen. Herriko jolastokian galdetu. Ez dute. Ez dakite noiz heldu daitekeen. Negua luzea da. Triste antzera sumatzen duzu sena. Berriro euria. Ilun dago kanpoan. Gomendatu didate serie bat. Egingo ditugu palomitak? Eskatuko dugu hanburgesa afaltzeko? Eta patatak. Bai, patatak. Pare bat garagardo. Bua! Gaur, serie maratoia. Aizu, ez dabil Netflix. Kendu nuen kontua. Ipiniko dut nirea?
Groenlandia.




