Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Gutik saiatzea

Palestinak odoletan jarraitzen du; minez, gosez, hotzez. Eta guk hemen jarraitzen dugu, pantailaren bestaldetik begira. Dena dago berdin, baina begiratzeko modua aldatu dugula esango nuke. Zuzenean erretransmititutako genozidioaren aurrean azala gogortu zaigu, saiatzen gara detaileei gehiegi ez erreparatzen, gizatasunez eranzten albisteak. Min gehiegi da denbora luzean begira egoteko. Zenbat min gehiago kabitzen ote zaie palestinarrei?

Batzuetan pentsatzen dut egunerokoan inguratzen gaituzten biolentzien ondoan bizitzen jarraitzeko estrategia bat dela hori: azalaren gainean beste azal bat jantzi eta saiatu besteen miseriei zuzen-zuzenean ez begiratzen, minak ez dezan salto egin azaletik azalera, zorriek burutik burura bezala. «Barkatu, nahikoa daukat nire minekin, ez zaizkit zureak kabitzen».

Baina gizatasunak interpelatu egiten zaitu, zuk eutsi arren. Errepidean sekulako istripua ikusi duzu, auto bat birrinduta, txapa txaparen gainean. Irratian entzuten den abestian zaude, kantuan, hor kanpoko drama zurea ez den beste mundu batean gertatu izan balitz bezala. Eta bat-batean, zapata bat ikusi duzu errepidearen erdian. Zapata galdu bat, oin baten taupadak bildu dituena oraintxe arte. Zapata bat, interpelatzen zaituena eta gogorarazten dizuna istripu horrek norbaiten bizitza aldrebestu duela. Zu bezalako norbaitena, zurearen antzeko bizitza bat.

Sentipen horrek harrapatu nau azken asteetan. Gorputzean zama desatsegin bat sumatzen dut Epstein eta enparauen barrabaskerien berri jakitean. Nazka infinituaren ondotik, kezka potoloa: hainbeste pederasta existitzen al dira boteretsuen artean? Izan ere, boterea daukanak nahi duen guztia lortzeko ohitura eskasa izan ohi du. Eta beren sexu erasoak egiteko sarean harrapatzen zituzten haur eta nerabeak justu beste puntan zeuden: egoera oso latzak, behar ekonomiko eta sozial larriak. Erabat zaurgarri zeuden neskatoak harrapatzen zituzten beren sexu apeta zikinenak asetzeko. Emakume bat entzun dut gertatu zitzaiona kontatzen. Hamar urte zituela, egunean hirutan bortxatzen zuten gizon desberdinek. Denak boteretsuak, poltsikoak beteta eta gizatasuna hutsa zutenak. Eta errepide erdiko zapata bezalakoa izan da. Pun!

Itsusi dago mundua, mina latz ematen du. Norberak oskol propioa eraiki eta bertan goxo geratzea ote da irtenbidea? Oskola erantzi eta azala azalaren ondoan jartzea aukera bat izan daiteke; mundua hobea egitekotan, gutik saiatzea.