Garazi Albizua
IRITZIA

Hilkorra

Kreatina, kolagenoa, magnesioa, omega-3, proteinak. Despentsan, lekurik gabe geratu da ohiko dilistak, kontserba-latak, gazta eta arrautzak gordetzeko. Barre artean aitortu die. Ondokoak ere antzeko: barre; eta, ondoren, serio, elektrolitoak probatu dituen galdetu dio, la ostia omen dira. Hirugarren bat, inpaktu handiko kirolik egiten ez duen beganoa, larritu egin da, beharbada muturrera eraman dute COREa indartzeko kontua; eta, badaezpada, gomendatu die hartzeko probiotiko onak. Bera arduratuko da euren kasurako egokienak bilatzen.

40-50 urteko lagun talde bat da eta plan bat dute. Hirurak ala hirurak langileak dira, ikasketak egin ostean eta lan-merkatuan postu bat lortu eta gero, gizartearekin nahiko ez, eta euren buruarekin crossfiten lehia egiten dutenak; edota eguneko abiadura desegiten duena arnasa botatzearekin batera, 21.00-22.30 tartean, yoga klaseko ordutegi berezian. Hirurek antzeko esaldiak esan dizkiote elkarri: garrantzitsua da ondo zahartzea. Hori da plana.

Ondo horrek CORE indartsua, gihar estuak, koipe eza eta malgutasun nahikoa izatea esan nahi du. Izan ere, gaizki zahartuz gero, gorputza indargabetuko zaizu; ziurrenik barre eginez gero, zoru pelbikoak huts egin eta txiza gainean egingo duzu; edo sukaldeko goiko apalean utzitako katilua hartzerakoan, artrosiak eraginda eskuak klak egin, igo zaren aulkitxoan oreka galdu eta ziplo eroriko zara lurrera. Aldaka apurtuta. Eta hori nahikoa ez balitz, ziurrenik, dementziaren hasierak jota, ez duzu jakingo nori deitu, nor zaren, ezta non zauden ere. Are gutxiago, zer egin.

Zinikoren batek pentsa dezake behintzat horrela ez zarela konturatuko bakarrik zaudela, ondoan zaintzeko inor ez dagoela: ez zaintza barneratu duen gizarterik, ezta nekatuta oso-nekatuta-bere-buruarekin-nahiko-ez-eta-zu-ere-artatu-behar-zaituen lagunik edo familiarrik ere.

Despentsako apalategian lekua egiten ari naizela, herrian ireki berri dituzten hiru gimnasioetatik bat aukeratu eta izena emateko mezua bidaltzen ari naizela, Instagramen ikusitako zaintzaren dekalogoa orri fosforito batean idazten nabilela, zeozerk, -akaso hilkortasunak?-, ku-ku egin dit. Eta eztiki itaundu dit heriotzara eramango nauen bizitzaren beste aldi bat ezagutu nahi ez dudan; hil hilko bainaiz, noizbait. Edo sinpleki esanda, zalantza sortu zait, zahartze onaren plan borobilak ez ote duen kanpoan utzi zahartzaroa bera.