Anselmo Guinea: Zirgariak

Bilboko itsasadarra, hamalau kilometro bai Abratik Arenaleraino, luzea eta arriskutsua izan da beti. Itsasontziek olatu bortitzen erasoa jasan zezaketen bokalean. Getxoko hondarretan harrapatuta geratzeko edo Santurtziko harkaitzetan lehertzeko arriskua izaten zuten. Itsasontzi askok ezin zuten uretan gora Bilboraino egin eta ontzi txikiagoak edo gabarrak behar izaten ziren merkantziak gora edo behera eramateko. Ontzi txiki edo gabarrok, belak, arraunak edo mareak nahikoak ez zirenean, atoian eraman behar izaten ziren.
ZIRGA-BIDEA
Ontziak errioan gora eta errioan behera mugitzeko, erriberatik sokaz tiratzea zen errazena. Ontziari atoi-soka bat lotu eta idiek arrastatzen zuten, ontzia ubidetik eta idiak ibaiertzeko bidetik zihoazela. Ontziari lotu eta tiratzeko erabiltzen zen soka luzea deitzen zen zirga, eta horregatik deitzen ziren beharleku horretakoak zirgariak eta ibaiertzeko bide hori, zirga-bidea.
Idiak (eta mandoak) edo gizonak (eta emakumeak) erabiltzen ziren zirgatzaile-lanetan, atoi-indarra egiteko. Trakzio-animaliek egin behar balute baino prezio merkeagoan egingo zuten lana pertsonek. Ordainsari gutxiagokoagatik, jende pobreak egingo zuen lana.
Kontsulatuak 1796an arautu zuen zirga-lana Bilboko itsasadarrean, Erandioko idi-jabe batzuen proposamena onarturik. Ordura arteko lege ezaren kontra, 1796ko ordenantzetan zehaztu zen zirga-lana idi-uztarriarekin egin zitekeela, eta itzainak 18 urtetik gorako mutila izen behar zuela. Enkantean ateratzen zen kontzesioa. Ontzi kapitainak egin behar zion itzainari kontratu papera, idatzita, zehaztuz zenbat kilometro izango ziren eta hainbat kobratuko zuela. 1865ean, ibaiko kilometro bakoitzeko 0,45 pezeta ordaindu behar zen idi parearen zirga, berdin ibaian gorantz zein beherantz. “Flete faltsua” suertatuz gero, parte batek huts egitea alegia, 1,74 pezeta ordaindu beharko zizkion beste parteari.
Ontziak ezkerraldean amarratzen ziren Bilboko errioan, eskuinaldea libre utzirik, gabarrak eta zirga-ontziak pasatzeko trabarik gabe. Zirga-bideak ondo markaturik eta ondo zaindurik egon behar zuen. Kontrata bat izaten zen, eta idi pareak prest izaten ziren Olabeagan edo Axpeko harrobietan. Beste batzuetan, idiena izan beharrean, pertsonena izaten zen lan-indarra.
Batzuetan istiluak izaten ziren. Esate baterako, 1858ko abenduko arratsalde batean, bostak aldera, zirgariek zamaontzi bat zeramaten Portugaleten gora. Zortzi Begien Zubira iristean, bi itsasontzi frantses topatu zituzten aingurak botata eta kalabroteak lehorrean amarratuta. Zirgariak ezin pasatu. Ontzietako batek kalabrota soltatu zuen, zamaontziari pasoa emateko, baina besteak ez. Zirgariak oihuka hasi ziren errio bazterretik kalabrotea haintzeko eskatzen. Itsasontziko marinelek soltatu ez zutenez, Inazio joan zen kalabrotea birolatik askatzera. Ustekabean, itsasontzitik tiro bat jo zioten, eskua eta saihetsa ere apur bat zaurituz. Perdigoia zen, eta ez zitzaion gorputzera sartu, baina eskua batez ere odolduta geratu zitzaion.

TELEMACO SIGNORINI
Bada “Zirga-bidea” (“L’alzaia”) deitzen den olio bat Telemaco Signorinik 1864an pintatua. Bost gizon Arno ibaiaren ertzetik gabarra batetik tiraka, egin beharreko indarraren indarrez makurtuta. Besagainek tiraturik ikusten dira sokak, besoak zintzilik, hankak lurrean hondoratuta indarra egiten, ezer mugitzen. Langile arropekin daude, galtzak eta mahukak bilduta, beharleku gogorrean. Haren batetik margolanera zabaltzen den argitasunak beharginen indarra, nekea eta larru beltzarana nabarmentzen du.
Koadroa ikusita, konposizioaren pisua eskuineko aldean dagoela sentitzen da; artistak langileak margotu ditu batez ere. Baina, Signoriniren mihisean, aipagarria da txakurtxo beltz bat, auskalo nori edo zeri egiten dion zaunka, zirgariei beharbada. Koadroaren ezkerraldean nabarmentzen da gizartearen aniztasuna: sonbreirudun gizona eta neskatoa. Aita eta alaba agian, arropa garesti eta dotoreekin, bizkarra ematen langileei.
Pintura horrek salaketa sozial itzela zekarren atoian: behargin xumeen lan eta bizi baldintza gogorrak. Beharginak esplotatzen zituen jende dotorea, oharkabean, beste norabait begira. Egun normal batean, egun argi eta eguzkitsuan.
ILYA REPIN
Ilya Repin errusiar margolari errealistak “Volgako batelariak” pintatu zuen 1872an-edo. Hamaika gizon irudikatu zituen Volga ibaiaren ertzean gabarra bat atoian zeramatela. Zirgariak gaizki jantzirik, ezin gehiagoan makurtuta, aurrerantz ia erortzear, zamaontziari tiratzen korrontearen kontra. Telemaco Signorinik ez bezala, Repinek aurrez aurre irudikatzen ditu zirgariak.
Neke sentsazioa orokorra da koadroan, kontrastean bigarren planoko eszena ia veneziarrarekin, zeruaren tonu urdinak lurraren marroiarekin nahasten direla. Antzeko aldea eta kontrastea eragingo zuen zirgarien agerpenak orduko pintura burges akademiko erromantikoan…
Ilya Repin pintore hori Kharkiv aldean (gaur egun hainbeste entzuten den hiria, Ukrainan) hazi zen. 1863an sartu zen San Petersburgoko Arte Ederren Akademia benetan “akademiko” eta kontserbadorean. Koadro hori pintatzeko, oporretan Volga ibai aldean ikusitako eszenaren batean inspiratu omen zen. Aberatsentzat pobreen bizimodua ikusezina izaten da-eta, nahikoa egin zuen ikusi eta, gainera, erakustearekin.
Landa-bizitzaren pobrezia eta gogortasuna erakutsiz, giza erresilientziaren gorazarrea eginez batera esplotazioaren gaitzespena egin zuen. Pintura errealista erromantikoa.
Koadroa bera, nork eta, duke batek erosi zuen.

BILBOKO EMAKUME ZIRGARIAK
Repinek bere koadroa margotu zuen garaian zirga ez zen jada ohikoa Errusiar Inperioan, bapore nabigazioa zabaldu zen itsasoan, trenbide-sarea garatu lehorrean. XX. mendearen hasieran desagertu zen zirga, ez zelako ja beharrezkoa.
Bilbon ere, baporeekin eta trenekin, desagertuz joan zen zirga-lana. Bilboko kapital pribatuek, meatzaritza eta siderurgia negozioetan aberasturik, lanbide teknikoetarako prestakuntza-zentroak sortu zituzten, eskulana makinak erabiltzeko beharko zen aurrerantzean.
Emakume zirgariak XIX. mendearen azken herenean aipatzen dira Bilboko prentsan, justu bapore-ontziak eta atoiontziak heldu, gabarrak tiratzeko buztarri-idiak desagertu eta zirga-lana zeregin marjinal, gogor eta merke bihurtzean. Bazeuden orduan ere inork nahi ez zituen lanak, zirga-lana eta beste asko. Eta bazeuden, orduan ere, inork ere egin nahi ez zituen lanak egiteko geratu zirenak. Bilboko itsasadarrean, karga eta deskarga zen lan gogor eta merke horietako bat. Lantzean behingo zirgari lana ere bai. Zirgariak kargari ere izaten ziren askotan, zeregin bat bestearekin loturik jornala era batean edo bestean lortzeko.
Bai karga-deskargan bai zirga-lanean emakumeak ikusten ziren, emakume pobreak. “Noticiero Bilbaíno” Bilboko merkatarien kazetak protestatu ere egin zuen 1881eko apirilean emakume horien ikusgarritasunagatik:
«Gauza asko daude gure herrialdean, eta batez ere bizi garen haran honetan, guretzat mesedegarriak ez direnak kanpokoen begietan. Gauza lotsagarrienetakoa zirga da, eder deitzen dugun sexuak praktikatzen duena, zirgari deitzen diren emakume zoritxarreko horiek egiten dutena. Emakume ilara hauek, asko adinekoak, eta ez gutxi gaixoak, Olabeagatik Bilboraino tiratzen dute sokatik muturra bularrean lotuta, gorputzak aurrerantz okertuz ahaleginean. Sokak huts eginez gero, buruz behera erortzen dira lurrera, abereen lana eginez.
Baimenduta dagoenez eta ohituta gaudenez, onartzen dugu ikuskizuna, baina ikaragarri tristea da, eta lotsagarria. Kanpotik datorrenari, legerik ezagutu gabe eta halakorik ikusteko ohiturarik gabe, kultura falta eta bihotz falta itzela irudituko zaio ikuskizun hori.
Ezin da ikuskizun triste eta nazkagarri hori eragotzi? Portu alde honetara kanpotik datozenek ez dezatela ikusi, behintzat. Guk uste dugu, gabarrak garraiatzeko beste modurik egonez gero, debekatu egin behar dela emakumeen zirga, baporez egin behar dela edo idiekin. Gure agintariek lege bat asmatzeko ahalmena dute».
Kanpotik zetozenen begietara itsusia zelako debekatu nahi zen zirga-lana. Legezkoa zen eta ohikoa. Baina, zer pentsatuko zuen bisitari ingelesak? Tristea eta lotsagarria zen halako miseria, ikusgarria egiten zenean. Hiri burges modernoaren irudia lohitzen zuelako.

ANSELMO GUINEA
Anselmo Guinea Ugaldek, Ripa kalean jaiotako bilbotarrak, ez zuen aitaren arotz ogibidea jarraitu nahi izan. Pinturaren bidea hartu eta, Manuel Maria Gortazarren babespean, Madrilen ikasi zuen Federico Madrazorekin. Gero Erroman ere ikasi zuen, eta Mariano Fortunyren eraginetara hurbildu zen. 1887an Lekeition zegoen, argia akuareletan islatzen, baina 1891n Parisera joan zen berriro teknika inpresionistak, puntillistak edota modernistak ikastera. Gustave Couberten eragina ere nabaritzen da bere gai eta argi-koloreetan. Etxera itzulita, Adolfo Guiard, Dario Regoyos, Manuel Losada eta enparauekin batera, Guinea pintatzeko modu berrien aitzindaria izan zen Bizkai aldean.
1892an, bueltan, Guinea Deustuko Erriberako etxean egoten zen, zirga-bidearen pareko baserri batean zuen arte-tailerrean. Bertako paisaiak eta jendeak erretratatzen zituen, soroak eta errioa, baserritarrak, marinelak, hiritarrak. Bazihoan mundu bat antzeman nahi zuen Guineak bere koadroetan, industriagintza edo «progresoa» deitzen duten hori ja dena itxuraldatzen ari zenean.
1892an pintatu zuen Guineak “La Sirga”, 52x75 zentimetroko olioa mihise gainean. Zirga-bidean bi emakume zirgari tiraka, errioan gora, egun argitsuan, arratsaldean (itzalak ezkerraldera zoruan). Aldamenetik, ja pasatzen, ia atzetik ikusten dira koadroan. 1893an beste koadro bat egin zuen: “La Sirga de frente”, 114x80 zentimetrokoa. Aurrez aurre ikusten dira zirgariak, gizona eta atzean andrea (aita eta alaba?), hauek ere ibaian gorantz, eta atzean errioan gabarra handi bat, pertsona bi horiek atoian daramatela sinetsi ere ezin daitekeena.
Anselmo Guinea pintoreari gorazarrea egin zion Resurreccion M. Azkuek 1899ko apirilaren 6ko “Euskalzale” aldizkarian, goresmenak aurreztu gabe: «bilbotar huts hutsa», «lagun ona», «senar-guraso ona», «bihotz biguna», «langile opor egun gutxi hartu ohi dituena», «bere buruari ez deritzona», «herria maite duena». Haren pintura, berriz, «maitagarritzat» kalifikatu zuen.




