Konspirazioa
Ez da euskararen inguruko lehen konspirazioa. Aspaldi da euskal herritar kuadrilla bat isilpean elkartu zela euskara den murmurio horri bozgorailua jartzeko. Eta zer okerkeria okurrituko eta euskarari eskolak sortzea, kaleetan tokia egitea, lantegietan ahoak eta belarriak jartzea... Lege bat ere josi zioten eta erakunde publikoetan aulki bat paratu zioten, behar zuena eta merezi zuena. Euskararen aldeko konjura.
Txikitik handira ibilitako bidea izan da. Lehendabizi euskaldunak sinistu behar izan du bere baitan taupa egiten duen hizkuntzak balio duela. Txikia izanagatik, ez dela txikikeria. Balio du lagunekin hitz egiteko, haurrari magala emateko, maitaleari azala, poliziari galdera egiteko, administrariari laguntza eskatzeko, literaturarekin liluratzeko, zineman mundua kontatzeko, parekoarekin haserretzeko, haraxeago dagoenari maldizioak botatzeko, unibertsitate mailako jakintzak jasotzeko, medikuari mina esplikatzeko, hiltzen direnei agur esateko eta jaiotzen direnei ongi etorri esateko. Euskara bada traje bat egunerokorako balio duena, bizitzeko balio duena. Batzuetan esaten dugu euskaraz bizitzeko hautua egin dugula. Ez dakit hautu bat ote den, gu euskara gara eta euskaraz gara. Beste hizkuntza batzuetan ere bagara; gu diferente bat.
Orain beste konspirazio bat piztu da euskararen bueltan: euskararen kontrako konspirazioa. Sumatzen genuen oldarraldia borborka eta pentsatzen genuen euskararen kontrako haserrea antolatua zela, bazituela bere arduradunak, lantaldeak, abokatuak. Euskararen kontrako amorru antolatua. Batzuetan oso tristea da arrazoia zenuela konturatzea.
Segur aski, euskara sukaldeko mahaian, herriko plazako erromerietan eta txikiteo garaiko solasaldietan bakarrik utzi izan bagenu, ez luke inor haserretuko. Baina euskaldunak kaskagogorrak izan eta euskara bizigarria den toki bizi guztietara eramaten tematu. Ez da tontakeria zure karpetatxoa hartuta udaletxera joaten zarenean, auskalo zenbat izapide korapilatsu egitera, parean dagoenak euskaraz egitea. Ez da tontakeria zure min guztiak hartuta medikuaren parean esertzen zarenean, euskaraz kontatu ahal izatea. Ustez eskubideen alde borrokan ari diren sindikatuak, alderdi politikoak eta bestelako eragileak euskararen kontra herra antolatu horrekin ikusteak kezkatzen nau. Eta haserretu.
«Nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, segur aski zure estatua nire lurrean eraiki duzula esan nahi du». Musa Anter idazle kurduak esan zuen. Ezin da hobeto esan.
Bitartean, goazen Korrikara.



