Garazi Albizua
IRITZIA

Giza baloreak

Mezua jaso duzu, datorren urtean aukeratu behar duzu haurrak zein ikasgai ikasiko duen: giza baloreak edo erlijioa. Ez duzu bitan pentsatu, ez zara erlijiosoa. Haurrari erabakiaren berri eman diozu. Ezinbestean, galdetu dizu zer den, eta, bide batez, zergatik ez duen erlijioa ikasiko; are, mesedez, azaltzeko zertan datzan bakoitza.

Erraza dela uste duzu, hasi zara: gizakiok gure artean elkarbizitza bermatzeko moduak ikasiko dituzu. Irakasleak dioen modua? Bueno, bai eta ez; jakin behar duzu zein gauza diren egokiak eta zeintzuk ez. Norentzat egokiak? Guztiontzat. Arraro begiratu dizu, entzun dezakezu haurraren burmuin makineria lan egiten: gustura ibiltzen ez den gelakideren baten izena, kritikatu berri duzun politikari psikopata faxistaren izena zein -ez dakizu nola heldu den bere belarrietara- “Conquis”-en parte hartzaile baten hustualdia “guztiontzat” horren barruan kokatzen saiatzen ari da.

Momentu horretan, gogoratu zara irakurritako azkeneko artikuluarekin edo liburuarekin: testuaren arabera, egun, arreta mantentzea ezinezkoa da; haurrak, ordea, begiak zabal-zabalik, ez du hitzik galtzen. Erlijioaren inguruan galdezka hasi zaizu. Zer den eta zergatik aukeratu beharra dagoen bataren eta bestearen artean. Autoritate moral bat behar dugula erantzun nahi diozu; hain zuzen, Hannah Arendtek idatzitako autoritatearen inguruko saiakera azaldu nahi diozu. Haurrak, ordea, sei urte ditu, ez daki deus autoritatearen inguruan, ezta moralaren inguruan ere -horrek kezkatu behar dizula iruditu zaizu-, eta mutu geratu zara.

Momentu katartikoa izaten ari da haurraren galderen zurrunbilo etengabea. Erlijioaren hazkundea azal dezakeen pista bat ernatu zaizu. Izan ere, Lola Lopez Mondejarrek dioen identitate falta itzela dugun honetan zein autoritatea galdu den egunotan, ez litzateke sekulakoa gida-ahots-multzo-gizarte talde batek esatea nor garen eta zelan bizi behar dugun?

Haurrari irmoki begiratu diozu, «nipadios!» atera zaizu -kristautasunaren erroak hain dira luzeak-, eta errepikatu diozu, mehatxua bota kasik: azalduko dizu hezkuntza publiko laikoak zer diren giza baloreak! Ale, segi jolasean!