Mudantza
Mudantza betean nago, kutxa artean bizitzen. Pasilloa kutxaz beteta, logela ere bai. Janztera noanean, ez dut jantzi nahi nuena aurkitzen. Sukaldean nagoenean, ez dut behar dudan tresna hori aurkitzen. Denbora da mudantza egiteko behar dena eta denbora da niri falta zaidana.
Zenbatzen hasita, nire bizitzako zortzigarren mudantza da honakoa. Hiru txikitan egin nituen eta, beraz, ez nahiz gehiegi gogoratzen. Hurrengo bi mudantzetan, erdia gurasoen etxean utzi nuen. Mudantza bat, maleta bakarrarekin egin nuen eta azken bi mudantzak gogorragoak izan dira. Bitxia da, etxez aldatzen zarenean aurkitzen duzuna: txikitan bertsotan irabazi zenuen ahate formako garaikurra, modatik pasatu den baina altxorra balitz bezala gordetzen duzun jaka, berriro errepasatuko ez dituzun unibertsitateko apunteak… Zaila da gauzak botatzea, baina ezinbestekoa ere bada, eta horretan aritu naiz buru-belarri. Gauza batzuk birziklatu, besteak oparitu, ahal dena saldu. Neukana baino askoz gutxiago daramat etxe berrira eta ez dut gehiagorik behar.
Egunotan, askotan pentsatu dut Etxe Zurian bizitzea gustatuko litzaidakeela. Ez Ameriketako Estatu Batuetako presidente izan nahi dudalako, munduko mudantza azkarrena bertan egiten dutelako baizik. Kargua uzten duen presidentea Kapitoliorantz doan unean hasten dira bere gauzak ateratzen eta datorren presidentearen gauzak sartzen. Presidente berriak karguaren zina egiten duen bitartean mugitzen dute guztia. Bost orduko tarte horretan, altzariak, koltxoiak eta dekorazioa ere aldatzen dute. Atera kontuak, hozkailua ere betetzen dute presidente berriaren gustuko janariekin! Ehun lagun aritzen dira express mudantza hori egiten. Nik ez dauzkat hainbeste laguntzaile, beraz, hutsik aurkituko dut hozkailua.
Antsietatea eta estresa sortzen dute mudantzek, baina zortzigarrenean ikasi dut hobe dela lasai hartzea. Etxe aldaketa hau azkena balitz bezala gozatzen saiatuko naiz. Kontatuko dizuet, bederatzigarren mudantza badator!




