Amaia Uribe
IRITZIA

Nahi eta ezin

Ze gogorra den nahi eta ezina. Zerbait amestu eta ez lortzea. Gogo bizia izan eta ez eskuratzea. Irabazi nahi eta porrot egitea.

Ama izan nahian dabilen lankidea datorkit burura. Lau urte daramatza saiatzen, hilerokoa jaisten zaion aldiro dolua sentitzen. Bi abortu izan ditu eta lehenengo in vitro ernalketa saiakerak huts egin du. Ez du lorik egiten, aspaldi da ez duela irribarre egiten eta hasi da bere nahia ez dela egia bihurtuko barneratzen.

Kartzelan dagoen lagunarekin ere gogoratu naiz. Erabaki txar batek eraman zuen espetxera. Ordutik askatasun gosez dabil, baina momentuz ezin kalera irten. Goizean argi izpi bat sartzen zaio leihotik. Segundo batez, non dagoen ahazten du baina atearen morroiloaren zaratak segituan ohartarazten dio preso jarraitzen duela.

Eta zer esan, alargun geratu den izebaz. Gauero amesten du senarrak berarekin jarraitzen duela, baina esnatzen denean ohe handiegian hasten du eguna. Sukaldeko mahaian ez du lehen bezala laranja zuku egin berririk aurkitzen eta, egunero egiten duen bezala, osaba zenaren mugikorrera deitzen du erantzungailu automatikoko mezuan haren ahotsa entzuteko.

Nahi eta ezinaz asko daki aktore izan nahi duen lagunak ere. Urteak daramatza ikastaroak egiten eta prestatzen. Baina castingetan ezezkoak baino ez ditu jasotzen eta kontu korronteko zenbaki gorriek gogorarazten diote beste lan bat bilatu beharko lukeela.

Gogorra da bizitza. Gogorregia. Eta beti pentsatu izan dut txikitatik prestatu beharko gintuzketela “nahi eta ezin” hori kudeatzeko. Ametsak sarritan amets hutsak direla sinisteko. Gogoarekin gauzak beti ez direla lortzen ikusteko. Horren ordez, “dena lor dezakezu”, “egin amets” eta “bizitza zoragarria da” dioten katiluak saltzen dizkigute. Eta bien bitartean frustrazioa kudeatzen jakin barik jarraitzen dugu, hurrengo kolpea iristen denera arte.