Desira bat
Haurra urtebetetze tartaren aurrean dago, zazpi kandela ditu piztuta, aire bafada batez sua amatatu eta desira bat eskatzeko zain. Beldur da ez ote dioten galdetuko zer nahi duen, horrela izatekotan, bigarren bat izan behar du asmatuta: desira on bat. Helduen belarrietara, behintzat, zentzua duen zerbait. Pentsatzen ari da, zer izan dezakete nagusi horiek guztiek buruan?
Argi du K-pop gerlari bat izatea lagunek preziatuko dutela, guztiek ez, jakina; badira ninja taldekoak, kontra egingo diotenak, elkarren arerio sutsuak baitira. Gertu, borrokatuko dira, ziurrenik, tartaren kandelak amatatu eta segituan. Sabela azukrez gainezka, dagoeneko, ez dute asmorik etxean egindako datilak eta olodun tarta deitu dioten hori jateko.
Ezin ditu helduen begiradak ikusi, mugikorraren pantailak amaren aurpegia estali diolako, eta bizkar atzean batu zaizkiolako gonbidatuak mugikorrari ere irri egiteko. Di-da batean helduko zaie argazkia urtebetetzea antolatzeko egindako WhatsApp taldera, hori eta beste hamaika ere bai. Festa osoa eman baitute helduek hona eta hara begiratzeko eskatuz. Ez daki non batzen diren une horiek, amak ez ditu errepasatuko, ez baitu denbora horretarako, eta berak are gutxiago, pantailak deabruak omen direlako, eta gurasoek eragin kaltegarritik babestu behar dutelako.
Akaso K-pop gerlaria eta ninjak mugikorren kontra borrokatu ahal dira, izaki infernalak menperatzeko tregoa bat eginez. Festara hurbildutako lehengusu gazteak pantailaren eraginpean daude, ez dute bururik altxatu ezta eskua patata/oliba/tortilla/gusanitoren bat hartzeko luzatu dutenean ere.
Denbora agortzen ari zaio, pentsatu behar du desira baliagarri batean, lagunak ere urduritzen ari direlako, zenbat luzatuko dute jolastera joateko unea? Batek urez betetako puxikak erakutsi dizkio: deabruen kontrako edabea, azaldu ere. Arin, pentsatu zerbait, azkar! «Laztana, zer eskatu duzu?», galdetu dio aitak. «Mugikor bat», erantzun du berak eta segituan alde egin du. Atzean utzi ditu amaren larritasunak: «Ufala! Pantailak guztiz debekatu behar dizkiogu!». Izebaren datu emaria: «Adimen artifizialari galdetu diot eta dio azken urteetan gora egin duela…». Izan ere, edabe magikoa jaurti dio mugikor deabruak xurgatutako lehengusuari, punteria trebeaz.

«La credibilidad te la tienes que ganar tocando y eso es lo que he hecho toda mi vida»

¿Qué está pasando con la extrema delgadez?

No será culpa de la IA si el futuro marmitako es de atún vegano

¿Qué comer cuando el verano se adelanta?
