Ehorztetxeko argiak itzaliko dira

Agurrak ez dira inoiz errazak izaten, ezta horiekin egunero lan egiten dutenentzat ere. “Muertos S.L.” telesailaren laugarren denboraldia abuztuaren 4an iritsiko da Netflixera. Baina ironikoki, hilkutxa batean sartuko dute oraingoan, izan ere, hor amaituko da hileta enpresa xelebrearen gorabeherak kontatzen dituen telesaila.
Sei atal berrirekin iritsiko da agurra, eta galdera nagusi bat izango du ardatz: nor geratuko da zuzendaritzako besaulki preziatuarekin? Horrela ekingo dio serieak azken txanpari, bere ezaugarri nagusiari eutsiz: ehorztetxe bateko egunerokotasuna laneko gatazkaz, botere borrokaz, ideia zentzugabez eta erabaki xelebrez beteriko komedia bihurtzea.
Telesaila Torregrosa ehorztetxearen egunerokoan girotuta dago. Baina ez espero drama ilunik; alderantziz, bertako langileen eta bezeroen arteko egoera absurdoek umorez bustitzen dute kontakizuna. “The Office” telesailaren moduko zerbait, baina ehorztetxe batean girotua.
Istorioaren abiapuntua heriotza bat da, ehorztetxearen sortzaile eta zuzendari Don Gonzalorena. Hura hil ondoren, Damaso Alonso administratzaile zorrotzak zuzendaritza bere gain hartzea espero du. Ezustean, ordea, Gonzaloren alargun Nieves izango da agintea hartuko duena.
“The Office”-ekin alderatzen jarraituz, istorio honetako Michael Scott argi eta garbi Damaso da, Carlos Arecesek antzeztua. Haren inguruan dabiltzan pertsonaiek etengabe sortzen dituzte egoera barregarriak -eta sarritan deserosoak ere-, hildakoak eta haien senideak tartean direla kontuan hartuta. Umore beltza da telesailaren ezaugarri nagusietako bat. Aktore zerrendan, gainera, Aitziber Garmendia eta Lorea Intxausti euskal aktoreak ere badaude.
Ehorztetxe baten egunerokoan komedia bat kokatzea ez da soilik ideia originala; arriskutsua ere bada. Heriotza, gai unibertsala, baina askotan saihestua, narrazioaren motor bihurtzen da hemen, eta, harrigarria iruditu lezakeen arren, umore iturri etengabe ere bai. Telesailak ez du heriotza banalizatzen; aitzitik, komedia beltza erabiltzen du hipokrisia soziala, familia harremanen korapiloak eta doluaren burokratizazioa agerian uzteko.
Egia da zenbait gag eta txiste errepikakor samarrak direla, eta irudi aldetik soila eta sinplea dela, ez da bereziki berritzailea. Baina hilotzen artean bizitza tragikomedia barregarria bihur daitekeela erakusten duen serie oso gomendagarria da.
Laugarren eta azken zati honekin, “Muertos S.L.” behin betiko agur esateko prestatzen ari da. Bere izaerari leial, hilkutxen artean, botere borroken erdian eta algara deserosoen oihartzunez lagunduta itzaliko ditu argiak.
Ehorztetxe baten hormen artean ere bizitzak, kaosak eta umoreak beren tokia dutela erakutsi duen telesail honek hutsune nabarmena utziko du. Hildakoez hitz egin duen bitartean, bizitzaren absurdorik ederrenak ospatzen jakin izan du.

«El sentimiento de soledad me incita a escribir»

Maria Cristina: Oligarkiaren liberalismoa

La fibra que hace dos siglos enriqueció Yucatán hoy apuesta por un futuro sostenible

¿A qué temperatura sabe mejor la comida?

