Jurgi Fernandez / Salto Training
KIROLA

Pliometria zer den eta zer mota dauden

(Getty Images)

Pliometria kontzeptua jarduera fisikoan eta bereziki entrenamenduaren munduan sarritan erabiltzen den hitz bat da, baina beti ez da era egokian erabiltzen. Normalean, jauziekin lotzen diren ariketei erreferentzia egiten diegu, eta hau ez da okerra, baina argi utzi behar da pliometria oraindik sakonago doan kontzeptu bat dela, ez dira jauziak bakarrik. Pliometriaren helburua gihar horien indarra eta potentzia garatzea da. Potentziaren kontzeptua denbora unitate txikiena erabiliz indar kantitate altuena aplikatzeko gaitasuna bezala ulertu behar dugu.

Pliometria gure giharren luzatze eta uzkurtze fasea ahalik eta denbora unitate motzenean burutzeko helburua duen ariketa oro dela esan beharko genuke. Mugimendua ahalik eta denbora unitate motzenean egiteak denbora unitate horretan ahalik eta indar kantitate handiena aplikatzera behartzen du eta era horretan abiadura altuan egin behar den mugimendu bat sortzen dugu. Hala ere, garrantzitsuena da giharraren bi faseak gertatu behar direla, bai luzatzea (energia elastikoa akumulatzeko) eta bai uzkurtzea (energia hori mugimenduan islatzeko). Honen adibide bat jauzia izan daiteke, zeinetan gorputza jaisterakoan gure giharrek energia akumulatzen duten eta gora egitean energia liberatzen den. Pliometriaren sailkapena aldagai askoren menpe dago;

- Intentsitatea: abiadura altuko edo baxuko ariketak ezberdintzen dira hemen. Adibidez, sokasaltoa abiadura azkarreko ariketa bat izango litzateke eta baloi pisutsu baten jaurtiketa abiadura baxukoa.

- Karga: gure gorputzeko pisua erabiliz, goma batekin lagunduta edo goma/kanpo pisu batekin erresistentzia aplikatuz egin daitezke ariketa pliometrikoak.

- Kontaktua: lurrarekiko kontaktua luzea izan daiteke indar gehiago aplikatzeko, jauzi maximo batean adibidez, edo azkarragoa, tendoien erreaktibitatea lantzeko.

- Norabidea: ariketa pliometrikoen norabidea 3 planotakoa izan daiteke, korrikalarien kasuan aurretik atzera; eskubaloiko defentsa baten kasuan albo batetik bestera; eta futboleko jokalari baten kasuan, adibidez, norabide aldaketak hiru planotan landuz.

- Helburua: helburuaren arabera frenatze fasea edo propultsio fasea lantzeko ariketak izan daitezke.