Tom Cruise eta nostalgia

Esnatu, gosaldu eta, begietako makarrak oraindik erabat kendu gabe, eguneko albisteetan murgiltzen hasi naiz. Sare sozialetan sartu, eta hara non agertu zaidan Tom Cruiseren izena joeren artean. Zergatia jakin nahian, bideoa ireki dut. Trailer baten itxura du. Play sakatu, eta denbora atzera egiten hasi da. Bat-batean, zinema areto ilunen usaina, gaztetako arratsaldeak eta pantaila erraldoietan bizitako emozioak etorri zaizkit gainera, nostalgia zinematografikoaren euri goxo batek bustiko banindu bezala.
Trailerrak Tom Cruiseren ibilbideko une gogoangarrienetako batzuk kateatzen ditu, atzera begirako bidaia zinematografiko baten moduan. “Top Gun”, “Rain Man”, “Jerry Maguire”, “Eyes Wide Shut”, “Magnolia”, “The Last Samurai”... Irudiak bata bestearen atzetik igarotzen diren heinean, ohartzen naiz ez naizela aktore baten filmografia soilik ikusten ari; azken berrogei urteetako zinema komertzialaren zati handi bat ere neure begien aurrean desfilatzen ari da.
Orduan erreparatu diot bideoaren izenburuari: “DIGGER - Tom Cruise Retrospective Trailer”. Ez da Tom Cruiseri egindako omenaldi nostalgiko bat, baizik eta Alejandro Gonzalez Iñarrituren film berria aurkezteko marketin jokaldi ustekabekoa.
“Digger” da proiektuaren izena. Trailerreko une batean Cruise ezezagun bat ere ageri da: ilea urdinduta, hainbat kilo gehiagorekin eta AEBko hegoaldeko azentu markatuarekin ageri da. Eraldaketa horrek iradokitzen du bere ibilbideko apusturik ausartenetako baten aurrean gaudela. Ez litzateke harritzekoa izango interpretazio honek sari denboraldiko izen nagusien artean kokatzea.
Warner Brosek «tamaina katastrofikoko komedia» gisa aurkeztu du filma. Bertan, Tom Cruisek Digger Rockwell gorpuzten du, munduko gizonik boteretsuena, petrolio handiki bat eta ingurumen hondamendi ikaragarri baten erantzulea. Hondamendia eragin ondoren, ordea, lasterketa zoro bati ekingo dio gizateria konbentzitzeko hondamenditik salba dezakeen bakarra bera dela. Satira politikoa eta umore beltza nahasten dituen premisa horrek argi uzten du Iñarrituk ez duela ikuslea eremu erosoan utzi nahi.
Cruiserekin batera, Sandra Hüller, Riz Ahmed, Jesse Plemons, John Goodman, Michael Stuhlbarg, Emma D'Arcy eta Sophie Wilde ariko dira; dudarik gabe, azken urteotako aktore zerrendarik sendoenetako bat osatzen dute.
Estreinatzeko aste gutxi falta diren arren, “Digger”-ek 2026ko proiektu enigmatikoenetako bat izaten jarraitzen du. Urriaren 2an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Eta apustu egingo nuke, gainera, Donostia Zinemaldian ere ikusteko aukera izango dugula. Ez litzateke batere harritzekoa izango.
Tom Cruise, pertsona gisa eta bere lan esparrutik kanpo, batere erakargarria egiten ez zaidan arren, ezin da ukatu azken hamarkadetan zinemaren historiako filmografia sendo eta ikusgarrienetako bat eraiki duela.





