MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Hilabete barru

Gaur hilabete hasiko da Euskal Herriko eta inguruko herrialdeetako lehen hauteskunde lehia, horrelako zitaz beterik egongo den urte honetan. Ikustekoa izango da emaitzak nola finkatzen hasten diren, horietatik erantzun batzuk jasotzen hasteko modua egon daitekeelako. Hilabete barru, martxoaren 22an, izango da Frantziako hauteskunde kantonalen lehen itzulia, eta ondorioz Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hauteskunde kanpaina giroan sartuta daude aspalditik.

Bi itzulitan, 22an lehenengoa eta 29an bigarrena, kontseilu nagusi guztiak berrituko dituzte eta, estimazio guztien arabera, PSk sekulako zartakoa hartuko du eta 50 kontseilu nagusitatik 20 ere gal ditzake. Hilabetearen hasieran Doubseko departamenduan izandako bozetan ozta-ozta lortu du Hollanderen alderdiak FNri irabaztea, eta jokoan zegoen eserlekua eskuratu ez duen arren, Marine Le Penen alderdiak berriro ere gorakada izan du. Gainera, bozketa hori dela eta, Sarkozyk (UMP) orain arte Frantziako bi alderdi handiek bete duten ituna hautsi egin du, bere alderdiko militanteei boto askatasuna emanez, eta «fronte errepublikanoa» deitu izan zaiona bertan behera geratu da.

Gauzak horrela, ez da oso egoera baikorra PSrentzat eta Euskal Herrian ere beherakada nabarmena izango duela uste dute adituek. Kontua da Hollanderekin joera alda zezakeela pentsatu zuen sozialismo europarrak ez duela lortu burua altxatzea urte askotan, sufritzen ari garen krisi sakonaren lekuko. Frantzia, Alemania, Britainia Handia, Italia, Grezia, Espainia aipat genitzake, batetik bestera ñabardurak egon arren. 90eko hamarkadan globalizazio liberalarekin bat egin zuten, baina ez zuten jakin ez alternatibarik eskaintzen euren jarraitzaileei, ez eta aukera horren ondorio ideologikoak neurtzen. Erakundetu dira sekula baino gehiago, baina ez dute jakin prozesu hori euren identitatea faltsutu gabe burutzen. Are gehiago, eskuin liberalak zintzurretik ongi helduta dauzka eta haren errezeten ezartzaile bilakatu dira sarri.

Frantziari eta Euskal Herriaren zati bati begiratu diot orain arte, baina Espainiari ere begiratu behar diogu; hain zuzen ere, justu gaur hilabete barru izango direlako Andaluziako hauteskunde autonomikoak. Susana Diazek apustua salbatuko duela dirudi, baina sozialismoaren odolustea ez dirudi ekidin ahal izango duenik. Hala ere, Alderdi Sozialistak han lortzen duenak zer nolako eragina izan dezakeen gainerako hauteskunde zitetan, edo Podemos-ek lortzen duenak zer erakuts dezakeen, errepikatzen ari dira han eta hemen, baina epe laburrerako erantzunak baino ez dira. Ezkerrari falta zaizkio kontzeptuak, metodoak, liberalismoak azken 20 urteetan ez bakarrik arlo ekonomikoan, ideologikoan ere ereindakoaren aurrean beste ikuspegi bat eskaintzeko. Sozialdemokrazia ez da gauza izan ustelkeriatik aldentzeko, berdintasuna, elkartasuna eta askatasuna bermatzeko, eta porrot egin du. Ezkerreragotik datorkio alternatiba Espainian, Grezian bezala. Bertutea ez da izango lehenengo kolpe batean irabaztea, balio horietarantz iraultzea baizik. Europar guztiongan izango du eragina.