MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Jostunak

Ikusi dut “Jostunak”. Gure Esku Dago ekimenak burututako ikuskizuna da. Ekainaren 8an giza katea lehen ekimen handi izan zuen herri dinamika nola osatu zen kontatzen du. Eta hunkitu egiten du. Euskal Herri anitzaren lekukoa, pentsatzeko modu ezberdinen agertokia, iritzi politiko ezberdinen bilgunea... izateko, sentitzeko modu ezberdinen mosaikoa da. «Gure etorkizuna erabaki nahi dugulako», «denok elkarrekin», «eztabaida antzuak alde batera utzita», «ilusioz», «hobeto bizitzeko», «unea iritsi delako». Hori diote bertan agertzen diren pertsonek, batzuk ezagunak eta gehienak ez hain ezagunak, ekimenak bildu zituenak. Bizkaiko Ezkerraldetik 25 autobus mugitu ziren egun hartan, ordura arte sekula inora mugitu zuten kopururik handiena 5 autobus izan bazen ere. Ez da galtzekoa Iruñeko kafetegi ezagun batean nafar izateaz izandako eztabaida; Iparraldeko herritarrek emandako lezioak kontuan hartzekoak dira. Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak jarritako adibideak ere hizpidea ematen dute: Migel Angel eskultoreak esaten omen zuen eskulturak marmolean zeudela, atera egin behar zirela. Berak ondorioztatzen du herria badagoela, hemen dagoela, atera egin behar dela. Gema Zabaletak dio bera ez dela independentista, baina erabakitzeko eskubideak gizarte demokratikoagoak osatzen dituela. Independentzia, egungo egoera, federalismoa... aukera edozein dela ere herritarrek eurek hartu nahi dituzte euren etorkizunari buruzko erabakiak. Hobeto bizitzeko, justuago bizitzeko, demokrazia handiagoz bizitzeko. Erabakitzeko eskubidea ukatu egiten da baina gero eta zailagoa izango da, gero eta jabetuago gaudelako guk erabaki behar dugula, geureaz. Eskozian bezala.

Argi geratzen da josten hasitakoa josten jarraitu beharra dagoela. Horixe da hemendik aurrerako proposamena ere, zauriak ixtea, zubiak eraikitzea, eskua luzatzea, eraikitzea. Baina bat-batean goitik behera etorri zait, eskutan lehertu zait oraindik kanpaina ez den, baina laster izango den, baina ez izanagatik gertatzen ari den hauteskunde kanpainaurrea, kanpaina bihurtuko dena, eta gauzak hobetzeko itxura handirik ez duena.

Politika munduan murgilduta daudenek izango dute ziurrenik gaitasuna sekulakoak esan eta, hauteskunde data pasatu ondoren, esan ez balituzte bezala jarraitzeko. Ohituta egongo dira. Dudarik gabe, esan beharrekoak eta salatu beharrekoak azken muturrera arte argitaratu behar dira baina modu asko daude. Herri hau hitzeko herria da. Herri honetan hitzak balio du. Ondare ez materiala da, duela gutxi Urkiri Salaberria doktoreak esan zidan bezala. Eta balio duen bezala akordio bat gauzatzeko, balio du min egiteko, edo maitatzeko. Ezin dugu hauteskunde kanpaina oro zauritzeraino aritu eta beste lau urte zauriak sendatzen pasatu.

Gure esku dago, gertatzen dena gertatzen dela, josten jarraitzea, konplexuak, aurreiritziak, esango dituztenak alde batera utzita. Zurekin ados ez banago, ez nago zure kontra. Jostera noa.