MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Mhairi Black

Ilehoria, motots batean lotua aurpegia libre utziz, azal zuria, irribarre zabala, hitz egiten duenean eskuak astintzeko joera, begi urdinak, eta hemendik gutxira, maiatzaren 7an, Erresuma Batuko parlamentari gazteena izan daiteke. Ez bilatu bere izena Wikipedian, ez dator-eta: Mhairi Black da, 20 urteko emakumea, Zientzia Politikoak ikasten ari da, eskoziarra da, eta Paisley & Renfrewshire South barrutian hauteskundeak irabazteko asmoa du. Inkestek diote, gainera, lortzeko moduan egongo dela, Douglas Alexander laborista ospetsua Westminsterren aulkirik gabe utziz.

Mhairi Black SNPko kidea da (Eskoziako Alderdi Nazionala), eta independentista. Independentista sutsua, Eskozian independentziaren aldeko apustuak erreferenduma galdu zuenean haserre agertu zen emakumea, eta hori ez dio barkatzen establishment britainiarrak. Izan ere, gauza bat da Londresek Eskoziako galdeketa onartu izana, eta bestea mende luzetako jarrera inperialistak ahaztu eta alde batera uztea.

Black Westminsterko parlamentari gazteena bihurtzen bada, oso litekeena da berarekin batera beste 50 bat inguru legebiltzarkide izatea SNPk, Eskozian aukeratzen diren ia denak. Eta inkestek diotena gauzatzen bada, baliteke ez kontserbadoreek eta ez laboristek, inork ez izatea gobernu egonkor bat osatzeko moduko gehiengorik. Beste modu batera esanda: baliteke Eskoziako independentisten esku gelditzea Londresko gobernuaren giltza.

Aukera hori argi gelditu den unetik, bai laboristek eta bai kontserbadoreek (egia esan kontserbadoreek gehiago) argi erakutsi dute euren benetako aurpegia Erresuma Batua osatzen duten nazioekiko. Iaz onartu zuten erreferenduma egitea, baina orain laboristek diote ez dutela koalizio-gobernu bat osatuko SNPrekin; eta kontserbadoreek, zuzenean, esaten dute kalamitate bat izango litzatekeela SNPk laboristen gobernu bat babestea, eskoziarren nahi eta asmo bakarra Britainia Handia apurtzea omen delako.

Kanpainako kontuak gorabehera, badirudi Eskoziak bigarren aukera izan dezakeela aurki, bere etorkizuna erabakitzeko. SNPk ez du txintik esaten erreferendum berri bati buruz (aukera zabalik dagoela, hori bai). Baina laboristen gobernu bat ahalbidetzen badu, ez litzateke arraroa izango pare bat urte barru berriro beste galdeketa bat izatea. Eta, alderantziz, azkenean kontserbadoreek agintean jarraitzen badute, kasu horretan ere egoera mesedegarria izan daiteke eskoziarrentzat: izan ere, Cameronek agindu du 2017an erreferenduma egingo duela Europar Batasunean jarraitu ala ez erabakitzeko, eta arrazoi perfektua izan daiteke Eskoziak Europan jarraitu nahi duela argudiatuz, Londresi agur esateko.

2017 beraz, arretaz jarraitzeko urtea izango da. Katalunian ere hori litzateke independentziaren urtea, alderdi eta herritar talde nagusiek sinatutako akordioaren arabera. Eta, badaezpada ere, Euskal Herriak ere hobe luke urte horretarako prest egon. Mahiri Blackek 22 urte izango ditu orduan, eta agian Westminsterko aulkia utzi egin beharko du. Baina seguru pozik utziko duela, Edinburgora itzuli eta han lanean jarraitzeko. Bizitza osoa izango du aurretik.