Bidaiari

Ataria zentroan, ‘'Botanikoa. Lorategia. Paisaia’ pintura erakusketa, ikusgai

Gasteizko Atarian Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroan Lourdes Vicenteren ‘Botanikoa. Lorategia. Paisaia’ pintura erakusketa izango da ikusgai apirilaren 25etik ekainaren 16ra bitarte. Mundu naturalaren edertasunaren bilaketa egiten du artistak erakusketan, hori baita bere lanaren funtsa.

Ikusgai dagoen artelan bat.
Ikusgai dagoen artelan bat. (vitoria-gasteiz.org)

‘Botanikoa. Lorategia. Paisaia’ du izenburu Gasteizko Atarian Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroan egunotan ikusgai izango den pintura erakusketak. Artista Lourdes Vicente da. Beraz, Atariak aukera paregabea eskainiko du arteaz gozatzeko eta bide batez Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroa bisitatzeko.

«Erakusketa honen bidez, Lourdes Vicenterekin batera, pikondo baten hosto baten harmonia perfektutik lorategi bateko txokora eta paisaia amaigabera begirada mugitzeak dakarren zoom zoragarri hori egingo dugu, eta, bide batez, mundua eta gure natura bera hobeto ezagutuko ditugu». Gasteizko Udaleko Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen zinegotzi Pascual Borjaren hitzak dira.

Euskal Herriarekin lotura

Lourdes Vicente Salamancan jaio zen 1959an. Arte Ederrak ikasi zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, baina Euskal Herriarekin lotura handia du, laster heldu baitzen Gasteizera eta pinturako irakaslea izan baitzen Arte eta Ofizioen Eskolan. Gainera, Arabako egileei eskainitako hainbat erakusketatan parte hartu du.

Artistak pintura errealistan oinarritu du bere ekoizpena, eta gertu dituen lore eta landareek osatzen dute bere erdigune tematiko nagusia. Haietatik abiatuta, konposizio egiturak eta gradazio kromatiko eta luminikoak aztertzen ditu, bere lana oso identifikagarri bihurtzen duten giroak sortuz.

Erakusketa zabalik izango da 17:00etatik 19:00etara eta sarrera librea izango da.