Bidaiari

Gasteizko Udalak bisita gidatua antolatu du Mendizorrotzeko futbol zelaira irailaren 5erako

Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak bisita gidatua antolatu du Mendizorrotzeko futbol zelaira irailaren 5ean. 40 lagunek izango dute aukera Deportivo Alavesek partidak jokatzen dituen estadioaren barrualdea ezagutzeko, eta 20 sarrera bikoitz zozkatuko dira.

Mendizorrotza.
Mendizorrotza. (Gasteizko Udala.)

Mendizorrotzeko futbol estadioaren barrualdea ezagutzeko aukera izango dute irailaren 5ean 40 lagunek. Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak bisita gidatua antolatu du eta 20 sarrera bikoitz zozkatuko dira, bisitariak zeintzuk izango diren erabakitzeko.

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, bisita 11:00etan hasiko da. Bertaratzen direnek prentsa aretoa, eremu mistoa, aldagelak, zelaira iristeko tunela eta aulkiak ezagutuko dituzte. Gainera, babazorro taldearen maskotarekin argazkia ateraz amaituko da bisita.

Baldintzat sarrerak lortzeko

Zozketan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete abuztuaren 31ra arte udal webgunean dagoen formularioa beteta. NAN edo AIZ bakoitzeko izen-emate bakarra onartuko da, eta parte hartzeko baldintzak honako hauek dira: 18 urte beteta izatea, udal kirol instalazioetako abonatua izatea eta Kirol Zerbitzuaren buletin digitalean harpidetuta egotea. Irabazleen izenak irailaren 1ean jakinaraziko dituzte.

Zozketan irabazle ateratzen direnek futbol zelaiko 1. atera joan beharko dute. Sarrerak zozketan izena emandako pertsonarentzat (NANa erakutsi beharko du horretarako) eta harekin batera joango denarentzat izango dira (adingabea izan daiteke).

Udaleko Kirol Zerbitzuak apirilean ere antolatu zituen bisita gidatuak. 150 lagunek izan zuten aukera Alavesek partidak jokatzen dituen estadioaren barrualdea ezagutzeko. Guztira, 75 sarrera bikoitz zozkatu ziren.