Bidaiari

Qinghai lakua, presiopean bere hedapenagatik eta turismoaren gorakadagatik

Qinghai aintzirak –Txinako ur gaziko lakurik handiena eta Tibeteko goi-ordokiaren oreka ekologikoaren giltzarri– turismoaren presio izugarria eta ur-maila handitzearen ondorio larriak jasaten ari da azken urteotan.

Qinghai lakua.
Qinghai lakua. (YINYI WANG | Getty Images)

Qinghai lakua 3.200 metro inguruko altitudean dago, Qinghaiko mendebaldeko probintzian, eta «2004tik ia 400 kilometro karratu hedatu da, 4.600 kilometroraino», azaldu du Wang Shuning Qinghai Lakuaren eremu eszenikoa babestu eta aprobetxatzeko kudeaketa bulegoko funtzionarioak.

Wangek «faktore multzo» bati egotzi dio lakuaren hazkundea, besteak beste, «berotze globalari eta hezetasunaren igoerari, lurrunketa murriztu baitute». Halaber, eragina izan dute, bere ustetan, errekuperazio ekologikoa lortzeko inguru horretan ezarritako neurriek. Izan ere, 2006an zientzialariek ohartarazi zuten aintzira lehortzeko arriskua zegoela.

Fenomenoak ondorio positibo batzuk ekarri ditu, hala nola «arrain kopurua handitzea»; horri esker, uretako hegazti gehiago elikatzen dira eremu horretan. «Hegaztien munduko bederatzi migrazio-ibilbideetatik bik bat egiten dute lakuan; beraz, funtsezko eremua da igarotzeko eta ugaltzeko», adierazi du Wangek. Gainera, «mendebaldetik Txinako ekialderantz desertifikazioa hedatzea geldiarazten du lakuak, hesi natural gisa funtzionatzen duelako».

Turismoaren gorakada

Azken urteotan, Txinako mendebaldeak erakargarritasun turistikoa irabazi du herrrialdeko bidaiarien artean, batez ere udan; izan ere, herrialde horretako zenbait eskualdek herrialdearen ekialdeak eta erdialdeak baino tenperatura leunagoak eskaintzen dituzte.

Qinghai lakuak hiru milioi bisitari baino gehiago izan zituen lehen aldiz 2023an, eta goranzko zifrak izaten jarraitzen du: Maiatzaren 1eko jaiaren aurreko oporretan 78.700 turista hartu zituen, aurreko urtean baino %8,3 gehiago, tokiko Gobernuaren datuen arabera.

Turismoaren gorakadak erronka ekologiko batzuk larriagotu ditu. 2020an, nazio-mailako ingurumen-agintariek aintzira babesteko «ahulguneak» aipatu zituzten, hala nola «lehentasun ekologikoaren kontzeptua ezartzeko arazoak», «plangintza integralik eza» eta «kutsatzaileen legez kanpoko isurketa larriak». Bestalde, lakuaren ertzetik gertu dauden hotelei eta jatetxeei hondakinak zuzenean uretara isurtzea leporatzen diete.

Horri erantzunez, tokiko agintariek zaintza ekologikoko sistema bat eta aldizkako patruilak ezarri dituzte aintzira, ibaiak, larreak eta ekosistemaren funtsezko puntuak estaltzeko, datozen urteetan eremua parke nazional izenda dadin.

Ur-mailaren igoerak aintziraren inguruan bizi diren 70.000 pertsonak ere kaltetu ditzake; gehienak tibetarrak dira, ganadua bazkalekuetan hazten dutenak.

Wangek, hala ere, ziurtatu du «zati txiki batek» bakarrik izango duela benetako eragina, aintziratik gertu dauden eremu asko babes zorrotzaren pean daudelako eta ia ez dagoelako gizakirik. Uraren maila gero eta handiagoa denez, kaltetuenak birkokatzeko politikak daudela gaineratu zuen.