Bidaiari

San Pedro basilika, eskoletan ‘Minecraft’ bertsioan

San Pedroko basilika eskuragarri dago jada ‘Minecraft’ bertsioan, historiako bideojokorik salduena. Horri esker, mundu osoko ikasleek eraikinaren txoko eskuraezinak arakatu ahal izango dituzte eta haien historia ezagutu 3D eredu batetik abiatuta, Erromara bidaiatu beharrik gabe.

San Pedro basilikaren barrualdea.
San Pedro basilikaren barrualdea. (Getty Images)

‘Peter is Here: AI for Cultural Heritage’ eraikinaren 3D eskaneatze zehatz batetik abiatuta sortu da, 400.000 argazkitan eta Adimen Artifizialean (AA) oinarrituta. Emaitzak jatorrizko arkitektura errespetatzen duen arren, Minecraften estilo pixelatuari eusten dio.

«Basilikaren barruan badira zenbait leku, Pedroren hilobia adibidez, ezin direla jendeari zabaldu, bai edukieragatik bai ondarea babestu behar delako. Orain, aldiz, bisitatu ahal izango dira», azaldu du Microsoften ‘AI for Good Lab’eko presidenteorde korporatibo eta zientzialari Juan M. Lavista Ferresek.

Bideojokoak basilikako txoko guztiak arakatzen ditu, baina bere helburua esplorazio hutsetik haratago doa: jokalariek basilika zeharkatu eta bere historiaren objektu adierazgarriak aurki ditzakete. Horrek proiektua ‘Minecraft Education’eko hezkuntza-esperientzia bihurtzen du, arazoak sormenez konpontzen laguntzen duelako.

Lankidetzaren emaitza

«3D unibertso batek lagundu egiten du kontzeptuak errazago ulertzen, munduarekin esperientzia praktikoa duzulako eta horrek jakin-mina areagotzen duelako», azaldu du Allison Matthews ‘Minecraft Education’eko zuzendariak Erroman egindako aurkezpenean.

Bideojokoa San Pedro Fabrikaren, Microsoften eta Iconemen arteko lankidetzaren emaitza da. Enpresa hori kultura-ondarearen zaintza digitalean espezializatuta dago. Urteak daramatzate Vatikanoarekin lanean.

2024aren amaieran, erakunde horiek basilikaren erreplika digital hiperrealista bat aurkeztu zuten, teknologia aurreratuarekin eta AAren erabilerarekin sortutakoa.

«Munduan jende asko dago, bizilekuagatik edo bere egoeragatik, San Pedro basilika inoiz bisitatu ezin duena. Proiektu honek jende horri eta irisgarritasun arazoak dituztenei lagun diezaieke, itsuei adibidez», gaineratu du Lavistak.

Basilikaren zentimetro karratu bakoitza kontuan hartzen duen berreraikitze «perfektua» lortzeko, baita jendearentzat zabalik ez dauden eremuak ere, eraikinaren eskaneatze osoa egin zen 400.000 argazki, drone eta laser teknologiaren bidez. «AA gabe ia ezinezkoa izango litzateke hori».