Anton Abadia Zikloan, bisita gidatua gaztelura
Anton Abadia Zikloa abiatuko da azaroaren 28an, antzezlan musikatu batekin, Hondrribian. XIX. mendeko euskaltzale, bidaiari eta kultur sustatzaile handiaren figura eta ekarpena herritarrengana hurbiltzea du helburu topaketak.

Hondarribiko Udaleko hainbat sail elkarlanean aritu dira egitarau berezia antolatzeko Gipuzkoako udalerriko Euskal Jaien 100. urteurrenaren harira, eta testuinguru horretan Anton Abadia Zikloa prestatu dute, azaroaren 28an abiatuko dena antzezlan musikatu batekin.
Ekimenaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, XIX. mendeko euskaltzale eta kultur sustatzaile handiaren figura eta ekarpena herritarrengana hurbiltzea da Anton Abadia Zikloaren helburua.
Euskara sailaren ekimenez sortutako zikloak antzerkia, bisita gidatua eta mahai ingurua izango ditu ardatz, guztiak helburu berarekin: «Anton Abadiak Lore Jokoen bidez euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpena ezagutaraztea eta gaur egungo kulturgintzarekin zubiak eraikitzea».
Zikloa hasiko da Produkzioa taldearen ‘Anton Abadia: Dublinetik Hendaiara’ antzezlan musikatuarekin, Itsas Etxea auditoriumean, 20:00etan. Abadiaren historia «modu bizi-bizian» kontatuko du.
Bisita gidatua Abadia gaztelura
Orobat, azaroaren 29an, bisita gidatua antolatu dute Abadia gaztelura.
Gainera, Hondarribiko Euskal Jaien 100. urtemugaren harira, hausnarketa sakonagoa ere proposatuko da abenduaren 13an, herri nortasunaren eta euskal kulturgintzaren bilakaeraren inguruko mahai inguruarekin.
Itsas Etxea auditoriumean izango da, 11:00etan, eta Koldo Ortega historialariak, Harkaitz Cano idazleak eta Antxoka Agirre kazetari eta ikertzaileak euskal jaien, lore jokoen eta euskal kulturgintzaren arteko lotura historikoa aztertuko dute, Hondarribian emandakotik nazio mailarako saltoa eginda.