Burdinbidearen Museoak tren historikoak jarriko ditu martxan abenduko ‘zubian’
Aurten ere, ‘Abenduko zubian’ Burdinbidearen Euskal Museoak tren historikoak jarriko ditu martxan zenbait egunez, bisita asko izango duela jakitun. Tren zaharrean bidaiak egiteaz gain, bisitariek aukera izango dute museoan erakusgai dauden bildumak ikusteko. Pieza benetan interesgarriak daude.

Burdinbidearen Euskal Museoak tren historikoen lau zirkulazio berezi eskainiko ditu abenduaren 6an eta 7an, museoaren Azpeitiko instalazioetatik Lasaora.
Hain zuzen ere, Euskotreneko iturriek jakinarazi dutenez, abenduaren 6an (jaieguna), irteera 12:00etan izango da, eta abenduaren 7an, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan.
Abenduaren 7ko zirkulazioak Zugastieta eta Euzkadi lurrunezko tren makinekin eta Vasco-Asturiana Alsthom 1004 dieselarekin egingo dira. Grafton lurrunezko garabiak eta Espinal lurrunezko tren makinak ere funtzionatuko dute.
Bildumak, ikusgai
Bestalde, bertaratzen direnek aukera izango dute Burdinbidearen Euskal Museoak duen tren bildumaz gozatzeko. Adituek diotenez, Europako onenetako da, aberatsena. Mota guztietako ibilgailuak ditu: lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak eta bagoi mota desberdinak.
Era berean, Euskal Herriko makina-erreminta multzorik osatuenetakoa dauka Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharrean, eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ditu.
Burdinbidearen Euskal Museoa 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era dago zabalik asteartetik larunbatera, eta 10:30etik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).