‘Jakinduriek mundue erreko dau’, bidaia berezia zientzia mundura bertsoen bidez
EHUk antolatuta, ‘Jakinduriek mundue erreko dau’ bertsozientzia ikuskizuna izango da Donostiako kanpuseko Kimika Fakultatearen 50. urteurrena ospatzeko. Bertsozientzia saioa izango da, bidaia bat zientzia mundura bertsoen bidez.

Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Kimika Fakultateak ‘Jakinduriek mundue erreko dau’ bertsozientzia ikuskizuna antolatu dute fakultatearen 50. urteurrena dela eta, «bertso erritmoan ezagutza kimikoa zabaltzeko».
Hitzordua abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, izango da, 11:00etan, EHUren Carlos Santamaria zentroan, Donostian. Sarrera irekia izango da aretoa bete arte, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.
Amets Arzallus eta Oihana Arana
Kike Amonarriz soziolinguista eta umoristak aurkeztuko du ikuskizuna, eta Amets Arzallus eta Oihana Arana bertsolariek inprobisatuko dute Ainara Sangronizek, Lide Aranak eta Josu Lopez-Gazpiok labur azalduko dituzten gaien inguruan.
Ainara Sangroniz Kimikan doktore EHUn eta Polimero eta Material Aurreratuen Saileko irakasleak naturan aurki daitekeen nahasketa kimiko konplexuenetako bat argituko du: sugeen pozoia.
Bestalde, Lide Arana biokimikari eta EHUko Biomedikuntza eta Biologia Molekularrean doktore eta Kimika Aplikatuaren Sailean irakasleak gure gorputzak milioika organismoz osatutako ekosistema bizi bat bezala funtzionatzen duela azalduko du, eta bakterioak, birusak eta onddoak aipatuko ditu, besteak beste.
Azkenik, EHUn Kimikan doktore eta Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) irakasle den Josu Lopez-Gazpio kimikariak gai oso arrunt baten atzean dagoen kimikan jarriko du arreta: puzkerrak edo flatulentziak.