Bidaiari

Lisboako tabernak plastikozko edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen hasi dira

Lisboako Bairro Altuko taberna eta jatetxeak, hiriko alde zaharrean bertan, hasi dira plastikozko edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen, sistema berde horretako lehen bost makinak martxan jarrita. Helburua da hemendik 2026ko lehen hiruhilekora 17 makina egotea, ez bakarrik Bairro Alton, baita hiriburuko beste leku batzuetan ere, Cais do Sodrén edo La Bican, kasu.

‘CopoMais Lisboa’ izeneko sistema erabiltzen da Lisboan.
‘CopoMais Lisboa’ izeneko sistema erabiltzen da Lisboan. (Matthew Horwood | Getty Images)

Ekimena Udalak abiarazi du, Portugalgo Hotelen eta Jatetxeen Elkartearekin eta Tomra enpresa suediarrarekin batera. Bairro Altoko El Latino tabernan egindako aurkezpen ekitaldian, edariak plastikozko edalontzi berrerabilgarrietan banatu dituzte.

Kontsumizioa amaitutakoan, bezeroak kalean instalatutako makinetako batean utz dezake ontzia.

‘CopoMais Lisboa’ izeneko sistema sinplea da: edalontzi bakoitzeko, hornitzen dituen lokalak 0,50 euro ordaintzen ditu gordailuan, gero edaria salduz berreskuratzen duena. Era berean, bezeroak diru hori lor dezake Bairro Alton banatutako makinetako batean ontzia utziz.

Erabilitako ontziak, geroago, makina horietatik garbiketa- eta higienizazio-zentro batera eramaten dira, taberna eta jatetxeetan berriro banatzeko.

Susana Leitão AHRESPeko Kalitate eta Berrikuntza zuzendariak esan duenez, ekimen «oso garrantzitsua» da «Lisboa metropoli garbiagoa, antolatuagoa eta iraunkorragoa» izan dadin.

Sentsibilizazio lana

Elkarteak bere bazkideak sentsibilizatzeko egiten duen lana goraipatu du, «egia esan, haiek erabiltzen baitituzte azkenean edalontziak». «Proiektu pilotu bat da maila nazionalean –gaineratu du–, eta, beraz, normala da hasieran mesfidantza eta zalantza asko egotea».

Tomraren kalkuluen arabera, erabilera bakarreko 25.000 edalontzi inguru kalean uzten dituzte gauero Lisboan. 2024an, Udalak debekatu egin zuen erabilera bakarreko plastikozko ontziak hornitzea taberna eta jatetxeetatik kanpo.

Biek uste dute, gainera, sistema horrek %20ko ekarpena egingo diola hiriburuko ekonomiari.