Louvre museoa eta Versaillesko Jauregia, garestiagoak zenbait atzerritarrentzat
Europar Batasunetik, Islandiatik, Liechtensteinetik edo Norvegiatik ez datozen bisitariek gehiago ordaindu behar dute, urtarrilaren 14tik aurrera, Frantziako hainbat museo eta monumentutara sartzeko, hala nola Louvrera, Versaillesera, Sainte-Chapellera, Garnier Operara edo Chambord gaztelura.

Europako Batasunetik kanpoko bisitarien sarrerak garestitu egin dira Pariseko hainbat museo eta monumentutan: Louvreko sarrerak 22 eurotik 32ra igo dira; Versaillesko jauregikoak, berriz, 22 eurotik 25era, eta Sainte-Chapellekoak, 16 eurotik 22ra.
Lehen eguneko kaltetuen artean Londresen bizi den bikote bat zegoen. Neska jatorriz ukrainarra da, baina bere pasaportea britainiarra da. Mutila Hungariakoa da. Louvre museora iristean, munduko handiena eta bisitatuena, prezio ezberdinak ordaindu behar izan zituzten: 32 eta 22 euro, hurrenez hurren.
«Bikote gisa, berdin ordaintzea gustatuko litzaiguke, baina nire sarrera garestiagoa da, ez bainaiz Europakoa, eta ez dut uste hori bidezkoa denik», adierazi zuen Olgak. Erresuma Batuan bizi da, eta 2020an utzi zuen Europar Batasuna.
Ondarearen mantenua
Neurria 2025. urtearen amaieran iragarri zuen Rachida Dati Kultura ministroak, ondare nazionalaren mantenua ordaintzeko helburuarekin. Zaharberritze proiektu handiak gauzatzen ari dira, hala nola Sainte-Chapellerena edo Garnier Operarena, zeinaren fatxadak estalita jarraitzen duen eta agertoki nagusiak itxi beharko dituen berrikuntzengatik.
«Hori egin nahi badute, igoeraren guztizkoa zatitu eta sarrera guztietara gehitu beharko lukete, ez gaitezen horrela bereizi, ez baita bidezkoa», deitoratu zuen Olgak.
Ekimenaren aurkakoak izan arren, badira alde agertu direnak ere, Jaunet kasu. Neurria bidezkoa iruditzen zaio eta, gainera, «europarrei mesede egin diezaiokeen guztiarekin» ados omen dago.
Kultura Ministerioak ekimena defendatu du, esanez prezioak munduko beste museo nagusietakoen antzekoak direla. Adibidez, New Yorkeko Metropolitaneko sarrerak 30 dolar balio du (25,5 euro inguru). Gainera, gogorarazi du munduan zehar leku turistiko askok ezartzen dietela prezio handiagoa atzerritarrei, besteak beste, Indiako Taj Mahalek edo Pekingo Hiri Debekatuak.