Bidaiari

Fournier museoaren ‘Musikarta. Musika kartetan’ erakusketa, ikusgai Amurrion

Arabako Foru Aldundiaren BIBAT Fournier Karta Museoak ‘Musikarta. Musika kartetan’ erakusketa ibiltaria aurkeztu du Amurrion, martxoaren 24ra bitartean zabalik izango dena La Casona erakusketa aretoan. Gainera, erakusketa tailer batekin osatuko da, Amurrioko Udal Musika Eskolarekin lankidetzan.

Fournier Museoaren bilduman gaitzat musika duten karta sorta zainduak izango dira ikusgai.
Fournier Museoaren bilduman gaitzat musika duten karta sorta zainduak izango dira ikusgai. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Foru erakundeak jakinarazi duenez, 2025ean Arabako museoan aurkeztu ondoren, erakusketak lurraldean zehar egingo duen ibilbideari ekingo dio orain, Fournier Karta Museoaren bilduman gaitzat musika duten karta sorta zainduak jendearengana hurbiltzeko.

Erakusketak hainbat fabrikatzaile eta herrialdetako 60 karta sorta baino gehiago biltzen ditu –batez ere Europakoak–, XVIII. eta XXI. mende bitarteko aleekin. Ez dira jolaserako karta sortak soilik, formatu txikiko benetako artelanak ere badirelako. Hori bai, musika da protagonista nagusi.

Hautatutako piezen bidez, erakusketak hainbat ikuspegitik islatzen du kartetan musikak duen presentzia: musika tresnen eta sinboloen irudikapena, konpositoreen eta interpreteen erretratuak edo musika ikaskuntzarako hezkuntza baliabide gisa sortutako karta sortak.

Generoen eta estiloen berrikuntza

Ibilbide horretan, musika generoen eta estiloen berrikuntza islatzen duten XX. mendeko adibideak ere sartzen dira –jazz, rock eta popetik, musika elektronikora edo hip-hopera–, baita musika gaia haur unibertsoarekin, ipuin tradizionaletako pertsonaiekin edo animazioan oinarritutako diseinuekin uztartzen duten karta sortak ere.

Gainera, bisitariek karta batzuen musika entzun ahal izango dute Borreas Cámara taldeak egindako grabazioen bidez. Era berean, erakusketa dela eta, tailer bat antolatuko da Amurrion, Udal Musika Eskolarekin lankidetzan, musikaren eta karten arteko harremana adin desberdinetako publikoengana modu parte hartzailean hurbiltzeko. Erakusketak lurraldeko beste herri batzuetatik jarraituko du urtean zehar.