You have accessed a news of payment and have consumed a click of your personal account.
Ane Iparragirre (Getty Images)
Fenix museoa, migrazioa, artearen eta istorioen bidez kontatua
Fenix. Horrela izena du Rotterdamen inauguratu berri den museoak. Artearen, argazkigintzaren eta munduan zehar jasotako kontakizun pertsonalen eta hunkigarrien bidez osatutako ardatz bakarra du gune berriak: migrazioa.
Kotxe sinbolikoa dago sarreran. (Pierre Crom | Getty Images)
Egungo Fenixek museoaren bilduma historiko eta artistikoa hartuko du, pixkanaka-pixkanaka aberastuz joango dena, baina baita migrazioen istorioak ikuspegi desberdinetatik kontatzen dituzten mundu osoko artista berrien enkargu batzuk ere
Fenix museoa lehen aldiz bisitatzen duena aho zabalik gelditzen da, museoaren ate nagusia zeharkatu aurretik kanpoko itxura ikusten duenean, mimoz eta tentuz berritutako eraikinak goialdean duen ‘Tornadoa’ benetan deigarria delako. Helize bikoitzeko altzairuzko eskailera kiribila da, biltegiaren bihotzetik abiatu eta 30 metrora altxatzen dena, bidean zenbait bihurgune korapilatsu igarota. Han goitik, begiratokitik, Mosa ibaiaren eta Rotterdameko zerumugaren ikuspegi panoramikoaz gozatuko du bisitariak.
Zenbaitek diote historiaren eta modernitatearen arteko zubia irudikatzen duela ‘Tornadoa’k. Beste batzuek, berriz, esaten dute migratzaileen bide gurutzatuak sinbolizatzen dituela, eta, horrexegatik, eskailerak igotzean, bisitariek fisikoki sentitzen dituztela migratzaileek bide luzeetan jasaten dituzten gorabeheren, beldurren eta kezken ondorioak.
Areto gehienek mezu sinbolikoez beteta daude. (Pierre Crom | Getty Images)
Banderak ere ikusgai daude. (Pierre Crom | Getty Images)
Sinbolismoaren interpretazioa alde batera utzita, egia dena da bertatik, zabaltzaren plataformatik, Holland-America itsas linearen egoitza hartu zuen eremu historikoa ikus daitekeela. Herbehereen eta Amerikako hainbat herrialderen arteko lurrunezko itsas garraioa eskaintzen zuen, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran milioika migratzaileren bidaiak erraztuz.
‘MALETEN LABIRINTOA’
Museo barruan sarturik, bisitariak ‘Maleten labirintoa’ instalazioa izango du parez pare. Paketeen kontsigna moduko bat da, munduko ehunka herrialdetako 2.000 fardelez betetako areto bat. Sinbolikoki, mundu osoko migratzaileek egindako bidaien metafora omen da, giza desplazamenduaren izaera unibertsala islatzen duena. Hori bai, maleten larru usainak iraganeko uneren batera eramaten du bisitaria, maleta bakoitzaren jabearen kontakizuna entzuten duen bitartean.
Behin sarrerako atea zeharkatu eta gero, zenbait instalazio eta erakusketaz gozatu ahalko du bisitariak. (Pierre Crom | Getty Images)
Museoa kanpoaldetik erakargarria da, eraikinak goialdean duen ‘Tornadoa’ benetan deigarria delako. (Pierre Crom | Getty Images)
Museoa hartzen duen eraikina San Frantzisko biltegi zaharra da, 16.000 metro karratuko pabiloia, Mosa ibaiaren hegoaldeko ertzean kokatua. Katendrecht-en dago, egun eraldaketa urbano ikusgarria ezagutzen ari den auzoa. 1923an eraikia, handik urte batzuetara, 1950ean, berreraiki egin zuten, Bigarren Mundu Gerran jasandako bonbardaketaren ondorioz. Berreraikuntzaren ostean, bi eraikin bereizi eraiki ziren: Fenix I eta Fenix II.
Diseinatzaileak elkarrizketa bat sortzen saiatu dira egungo eraikinarekin, inguruarekin eta migrazioaren inguruko historiaz, oroitzapenez eta ziurgabetasunez betetako iraganarekin. MAD Architects taldeko Ma Yansong txinatarra izan da arkitektoen taldeburua. Mundu mailan oso ezaguna da haren esku hartze futuristengatik.
Diseinatzaileak elkarrizketa bat sortzen saiatu dira egungo eraikinarekin, inguruarekin eta migrazioaren inguruko historiaz, oroitzapenez eta ziurgabetasunez betetako iraganarekin
Egungo Fenixek museoaren bilduma historiko eta artistikoa hartuko du, pixkanaka-pixkanaka aberastuz joango dena, baina baita migrazioen istorioak ikuspegi desberdinetatik kontatzen dituzten mundu osoko artista berrien enkargu batzuk ere.
Artearen, arkitekturaren eta programazioaren bidez, Fenixek Rotterdamen identitate kultur anitza islatu nahi du, eta, aldi berean, migrazioa giza esperientzia global bezala aztertzeko plataforma bat sortu.
‘Maleten labirintoa’, paketeen kontsigna moduko bat, munduko ehunka herrialdetako 2.000 fardelez betetako aretoa da. (Pierre Crom | Getty Images)
‘ALL DIRECTIONS’
Erakusketa nagusiak, ‘All Directions’ izenekoak, identitatea, etxea, itxaropena eta antzeko gaiak jorratzen dituzten nazioarteko 100 artista baino gehiagoren lanak erakusgai ditu. Horrez gain, ‘Migratzaileen familia’ erakusketak 136 argazkilariren 194 lan eskaintzen ditu. Irudi gehienek agur uneak, bidaian zeharrekoak eta helmugakoak jasotzen dituzte, etxea eta herrialdea uzten dutenen emozioak eta erronkak era hunkigarrian islatzen dituztenak.
Erakusketak 1905etik gaur egunera arteko lanak biltzen ditu, nazioarteko artxiboetako, bildumetako, irudi bankuetako, sare sozialetako eta egunkarietako irudi dokumentalak, erretratuak eta kazetaritza argazkiak uztartuz.
Emigratu dutenen historiak zaindu eta gogoratzeaz gain, gaur egungo belaunaldiekin lotura estua du Fenixek, migrazioa esperientzia unibertsal eta etengabea dela azpimarratuz
Anne Kremers Fenixeko zuzendariaren esanetan, «Fenixen historia oso lotuta dago Rotterdamekin eta bertako komunitateekin, baina munduaren historia ere bada. Iritsieren eta partiden historia da, etorkizunari aurre egiteko etengabeko aldaketen historia.
ISPILU BAT
Berlingo Harresiaren bidegurutzetik Estatu Batuetarako irteeretaraino transatlantiko handietan, eraikitzeko, sortzeko eta ikasteko mundu osoko komunitate berrien etorreratik pasatuz, Fenix mundu osoko pertsonen esperientzien ispilu da, artearen bidez kontatuko istorioen isla».
Emigratu dutenen historiak zaindu eta gogoratzeaz gain, gaur egungo belaunaldiekin lotura estua du Fenixek, migrazioa esperientzia unibertsal eta etengabea dela azpimarratuz.
Gaur ez dago biltegi historikorik; bere lekuan Migrazioaren Museoa dago. Urte askoan milaka pertsona abiatu eta iritsi dira bertatik eta bertara. Gaur ez da garai bateko mugimendurik sumatzen Mosa ibaiaren ertzean. Alabaina, ‘Tornadoa’ zelatan dabil une oro, zaindari baten antzera, Rotterdameko kaietako historia zati garrantzitsu bat haize bolada batek eraman ez dezan ezustean.