Egin planak

Bilboko Euskal Museoa zabalik berriz, erabat berrituta

Bilboko Euskal Museoa, berrituta. ( (Aritz Loiola FOKU)
Bilboko Euskal Museoa, berrituta. ( (Aritz Loiola FOKU)

Ekainak 10etik aurrera

Ekainaren 10ean zabaldu zituen ateak berriz Bilboko Euskal Museoak, lau urteko eraberritze prozesuaren ondoren. Dena dela, oraindik ezin da museoa osorik bisitatu, gune bat (guztira, lau eraikin dira) ez baita zabalduko irailera arte. Hori bai, zabaldu zenetik ekainaren 21era arte sarrera librea izan zen.

Euskal kulturak munduari zabaltzen dion ate bat izan nahi du museoak. Mende beteko ibilbidea du eta Euskal Herri osoan bildutako 50.000 piezaz osatutako bilduma aberatsa.

Museoko ibilbidea bildumako pieza handi eta ikusgarrienekin hasten da, Erruki Etxea izandako eraikinean. Gaineko aretoa euskarari eskainitakoa da, eta klaustro ikusgarrian bildumako pieza esanguratsuenetakoa ikus daiteke: Burdin Aroko “Mikeldi” eskultura dago.

Eraikin berrituaren proiektua Antonio Vaillo arkitektoak sinatua da. Beretzat «ohorea» izan da museoa osatzen duten eraikinetan lan egin ahal izatea, atal bakoitzari nortasun propioa erantsiz eta osotasunari eutsiz. Aurkezpen ekitaldian esan zuenez, eraikina eta museografia elkarrekin berritzeak aberastu egin du proiektua.