Eskualde bat lau koloretan
Okzitania iparraldean, Garonara eta Atlantikora iritsi aurretik, Dordoina ibaiak Frantziako Estatuko eskualde ederrenetakoa marrazten du. Erdi Aroan txertaturiko herri txikiak, gazteluak, arkitektura ezin dotoreagoa, historiaurreko aztarna eta patxadaz bisitatzeko eta gozatzeko txokoak etengabe erakusten dizkigu Périgordek.

Frantses banaketa administratibo uniformizatzaileak Dordogne izena eman zion Périgord eskualde historikoari, lurraldeen berezko izenak ezabatu eta ibaien edo mendien toponimoetan urtuz bertako nortasuna. Dordoina ibaia dauka Périgordek ekialdetik mendebaldera, baina Limousin-etik datorren Vézère ibaiak ardazten du ekialdetik. Euskal Herritik abiatuta, Bordeleko atarian Dordoinak (Dordonha, okzitanieraz) Garona handiarekin topo egiten duen lekutik ekin diogu guk ere Périgordeko bisitari.
Lehen geltokia ez dago oraindik eskualde horretan, Gironda departamenduan eta Gaskoiniako iparraldeko mugetan baizik: St Emilion mahastiz eta ardo-upategiz inguratutako herria da, eta Périgordeko bisitan ere, bertatik igaroz gero, merezi du geldialdia egitea. «Sent Milion» du izena okzitanierak, gaskoiak eta languedocerak bat egiten duten eremuan.
Akitania eskualdearen barnean egonda ere (egun, Akitania Berria), gaskoi hizkuntzaren eremutik kanpokoa da Périgord: hegoaldean languedocera aldaera hitz egin izan da, eta gainerako eremuan, lemosin edo limousinera. Egun, errepide-seinaleak elebidunak dira, baina oso gutxituta dago okzitaniera; badira calandreta “ikastolak” Périgueux hiriburuan eta Bergerac-en.
Bergerac dugu lehen geltoki nagusia Périgorden sartuta. Bordele aldeko mahastiak honaino hedatzen dira; aireak ardoaren promesa dakar. Iparraldetik datozen bidaiarien esanetan, «eguzkiak beroagoa dirudi» ibaiaren ertzak ere nabarmen zabalagoak diren eremuotan. «Périgord more edo ubela» deitu ohi diote turismo arloan; gainerako eskualdeei, aldiz, berdea, beltza eta zuria esleitzen diete.
Bakarra ezin, eta hiria famatu zuen Cyranoren hiru estatua daude alde zaharreko karriketan; kolore eta guzti, horietako bat. Gainerakoan, harrizko fatxada epelak eta kale lasaiak lagun, paseatzeko eta merkatu txikietan ibiltzeko lekua da; ibaiaren altzoan beti.
Dordoina ibaian gora jarraitu aurretik, eskualdearen hegoaldeko txokoen bila abiatuta, paisaiak landa giroa hartzen du inguruotan. Herri txikiak, nekazaritza eremuak, larreak eta soroak eta harrizko etxe sakabanatu eta dotoreen ostean, Eymet udalerriak Guiena eskualde zaharraren mugan (egun, Lot eta Garona departamenduaren ertzean), postaletako irudi ederren itxura hartzen du.
Plaza nagusi karratua arkupedun etxeek inguratzen dute; erdi-erdian, eguzkiak berotutako galtzada-harrizko kaleak, eta tabernetako terrazetan eserita herritarrak, turistak, eta bien nahastea diruditen expat britainiarrak. Asko dira, izan ere, Erresuma Batutik hona etorri eta etxea erosi dutenak; egungo lau herritarretatik bat zehazki, ondo nabari den kolonia bitxia eratzeraino.
HARRIAK
Issigeac txikia da hurrengo geltokia, Eymet-etik hogei bat kilometrora, ustekabe ederrez betetako bidean. Soroen atzean gaztelu txiki bat, kasu, dorre biribil perfektu batekin. Pigeonièr edo columbier esaten zaio okzitanieraz; usategia, alegia. Segidan, Issigeaceko kale estuak eta egurrezko egiturek apaindutako etxe zaharrak, historiaren lekuko. Udan itzala ematen dute, eta norberak ere erritmo patxadatsuagoa hartzen du.
Périgord zurian, iparralderantz jota, eskualdeko hiriburua dago: Périgueux da frantsesez, eta Periguers, limousineraz. Erromatarren garaitik datorren hiria da, gerora Erdi Aroko geruza ugariak gainean ezarrita harresi eta dorreetan. Erritmo urbanoa nabari zaio gainerako herri txikien artean, kale estuen eta plaza zabalen artean zabiltzala aro bakoitzeko aztarnen bila. Katedralaren kupulak urrutitik agertzen dira, eta bertaratutakoan are handikiroago hartzen zaitu.
Limousinetik hegoalderantz Dordoinaraino doan Isle ibaia (Eila okzitanieraz) igarotzen da hiriburutik. Haren adar den Dronne edo Dronaren ertzean Périgordeko Venezia deitzen zaiona dago, Brantôme (Brantòsme). Ibaiak herria inguratzen du, eta haren zubi txikiek eta lorategiek kutsu poetikoa ematen diote. Non zehar ibili, ura ez dago sekula urrun.
SAINT-JEAN-DE-CÔLE
Herri txikien bila, Saint-Jean-de-Côle (Sent Joan de Còla) Frantziak herrixka ederrenen zerrendan sartu ohi dituenetako bat da. Harrizko zubi batek ematen du herrixkarako sarbidea, eta barruan denak dirudi geldi, La Marthonie gaztelu gotorraren magalean. Etxe zaharrak, teilatu gorrixkak, isiltasun gozoa, eta ilunabarreko freskura.
Périgordek bertako produktuen oihartzuna dakar, foie gras-a, ahatea, intxaurrak, gaztak eta, nola ez, boilur edo trufak… Erdi Aroan gelditurikoa dirudien herri hau afari ezin hobe baterako leku onenetako bat da. Paisaia berdeagoa da hemen, baso gehiago dago, eta giroa bera misteriotsuagoa. Aurrerago jarraituta, Périgord-Limousin parke naturalean eta azken eskualde horren mugan, Jumilhac-eko gaztelu arranditsuraino irits daiteke.
HISTORIA LURPEAN
Berriz ere Dordoina ibairantz joateko unea da, Périgord Noir edo Beltzeraino. Haraino beste ibaiadar batek eramango gaitu; hau ere Limousindik iritsia eta aski izen famatukoa: Vézère, edo Vesera okzitanieraz. Historiaurrearekin hitzordua Lascaux-en da, milaka urteko margolanek babestuta, erreplikek adierazten duten guztiarekin. Istorioak, bizitza kontatzeko behar hori, gaur egun bezala duela milaka urte ere, hormetan margotuta ageri da hemen.
Ibaian beherako bidea astiro egin behar da, eskualde osoko bisita bezalaxe. Ahal denean, geratu, hortxe dago ustekabeko txoko bat. Gidetan aholku eta informazio asko jasota ere, autoz, bizikletan zein kayakean, ibaian islatzen den Losse gazteluaren parean Vézère ibaian behera doazenak legez, geratzeak, ezinbestean, perspektiba berri bat zabaltzen du.
Paisaia ilundu eta basoak trinkotu ostean, historiaurrearen arrastoak zein txokotan agertuko diren zain, Les Eyzies-ek gizakiaren historiaren sehaska moduko paisaia erakusten du. Ibaia bera estutu ostean, errepide bihurgunetsu batek Breuil ingururaino garamatza, haitzen eta kobazuloen seinaleen artean. Harri gotor eta lastozko teilatudun etxolen jatorria oso aspaldi galtzen da, baina uste baino hurbilagora iristen da: XIX. mendera arte erabili ziren.
Oso hurbil dago Sarlat hemendik, baina udan bataren patxadak bestearen bizitasun turistikoarekin talka egiten du. Périgord Beltzeko, edo Périgord osoko, postalik ezagunena du: kale estu eta bihurgunetsuak, harrizko fatxadak, leiho txikiak eta teilatu maldatsuak, eguzkiaren arabera urre kolorez aldatzen. Saltokiak, azokak, musika, antzerki zein malabarak, uda osoan zehar ikuskizunen bat izan ohi da herriko plazetan, bertakoen zein turisten gozagarri. Hiria urre kolorez jantzita agertu zen. Urre kolorez janzten dira arratsean herriko kaleak.
DORDOINAREN IBAIERTZAK
Sarlat aski zaigunean, Dordoinaren beste perspektiba bat izateko, Domme daukagu (Doma okzitanieraz). Harresi gotor eta zubidun ateak; lasai ageri da ilunabarrean. Han goitik ikus daiteke eguzkia gordetzen, mendebalderantz doan ibaiaz haraindi.
Ibaiertzeko bideek ere, bihurgune bakoitzean, ikuspegi berezia ematen dute. Are nabarmenago eta ikusgarriago ageri da hori Dordoinaren erdi-erditik joanez gero, kanoan esaterako; amildegietan itsatsitako gazteluak, kareharrizko hormak eta baso trinkoak. Piknikerako txokoak, bizikletak, eta bai, furgonetak eta autokarabanak ere bai, eskualdearen edertasuna harrapatu nahian. Frantziako koroaren eta Gaskoinia bere menpe zeukan Ingalaterrako erresumaren arteko mendeetako gatazken lekuko izan ziren Dordoina ibaiaren bazterrak, gazteluok horren lekuko.
Ez da presaka bisitatzeko eskualde bat, ikusteko txokoez gain, gozatzeko edo bizitzekoak ere bazter bakoitzean ageri baititu. Eta ikusi eta dastatzeaz gain, sentitzea ere badago, gaur egun askorik entzun ez arren Okzitaniaren zati historikoa den lurralde honetako hizkuntzan, musikan eta kulturan.
Gida praktikoa
NOLA IRITSI
Hiruzpalau orduko bidea dago Euskal Herritik Périgordera; Bordele inguratuta, edo Akize eta Mont-de-Marsanetik joanda. Bordeletik Limogeserako trenak Périgueuxetik doaz, eta beste lerro bat Bergerac eta Sarlateraino iristen da.
MUGITZEKO
Bidaiari gehienek autoz bisitatu ohi dute eskualdea. Garraio publikoa badabil herri nagusien artean, baina herri txikietara iristeko norbere garraioa behar da. Asko dira bizikletaz ibiltzen direnak, eta bestelako aukera ugari ere badira; kayaka eta piragua, esaterako.
OSTATUA
Hotel handiak gutxi dira, Périgueuxen bat edo beste kenduta. Ostatu, hotel txiki eta kanpalekuak asko daude, baina udako sasoi turistikoan komeni da erreserbak aurretiaz egitea.
DASTATU
Périgord gastronomiarekin lotu ohi da. Ohiko produktuen artean, intxaurrak, foie grasa, patea, boilurrak eta marrubiak daude, eta horietarako azoken egutegiak har daitezke turismo-bulegoetan.