Eguzki Agirrezabalaga (Getty Images)
Ikono esekiak

Zubiak: istorioak ere komunikatzen

Kristalezkoak, harrizkoak, zurezkoak edo burdinazkoak. Antzinakoak edo futuristak. Ingeniaritza tradizionaleko arauetan oinarritutako harribitxiak edo diseinu modernoen ikur bilakatu direnak. Hutsaren handitasunari desafio egiten dioten pasabide esekiak edo tonaka zementutan ainguratutakoak. Zubi batzuk ikonoak dira dagoeneko. Arrazoiak hamaika dira.

U Bein zubia, hamaika istorioren topaleku.
U Bein zubia, hamaika istorioren topaleku.

Hirien historiaren zati bihurtu dira dagoeneko zenbait zubi, baita nazioarteko ikono ere zenbaitzuk. Arkitektura eta ingeniaritza, jakituria tradizionala eta aurrerapen teknologikoak, zura eta titanioa modu harmoniatsuan uztartzen dituzten sinboloak dira. Denboraren igarotzea eta historiaren pisua jasan dute, bakoitzak bere erara. Ondorengo zerrendan munduko zubirik bitxienak edo ezagunenetako batzuk aipatzen dira. Zioak hamaika dira, denak direlako berezi. Hori bai, istorioak ere kontatzen dituzte. Guztiek.

Golden Gate

Deigarriak dira, batez ere, zubiaren kable lodiak eta 227 metroko altuera duten bi dorreak. 1933 eta 1937 artean eraiki zuten eta New Yorkeko San Frantzisko badia zeharkatzen du. Guztira, 2,7 kilometroko luzera du eta, bere garaian, ingeniaritzaren historiako mugarritzat jo zuten. Bitxia bada ere, batzuek kontrakoa pentsatu arren, zubi esekia gorriz margotzeko erabakia ez zen izan ingeniariaren apeta hutsa; oxidoaren aurka babesteko egin zuten hala. Golden Gate beti azaltzen da argazki gehien dituzten zubien zerrendetan. Eta gehienetan lehen postuetan, gainera.

Millenium bridge

Londresekin gehien identifikatzen den zubia Tower Bridge bada ere, Millennium ere –Norman Fosterrek diseinatua eta 2000. urtean inauguratua– hiriaren ikono bilakatu da, zalantzarik gabe. Winking Eye Bridge (Begi keinukariaren zubia) esaten diote, duen formagatik eta, batez ere, igotzeko metodoagatik. Zubiaren irudia Tamesis ibaian islatzen da; albo batean Tate Modern mendia du eta bestean, berriz, Saint Paul katedrala. Munduko lehen zubi baskulagarria da.

Brooklyn

New Yorkeko Brooklyn auzoa eta Manhattango Downtown lotzen ditu, East River ibaiaren gainetik. 1883an inauguratu zenean, munduko zubi eseki luzeena zen, 1.825 metroko luzerarekin. 13 urte behar izan zituzten zubia eraikitzeko, eta sarri azaltzen da zubirik zinematografikoenen zerrendan goialdean.

Sydney Harvour Bridge

Gaur egun, ingeniaritza-lanik goraipatuenetakoa da, batez ere, konplexutasun teknikoagatik, baina baita beste arrazoi bitxi bategatik ere: hutsera jauzi eginez muturreko abenturako esperientziak bilatzen dituztenen ohiko eszenatoki bihurtu delako azkenaldion. Sydneyko badiako zubiak iparraldeko kostaldea hiriko finantza-zentroarekin lotzen du. 1932an inauguratu zuten eta bere silueta, ezinbestean, beti azaltzen da hiriko eraikinik enblematiko, ikoniko eta ezagunenaren ondoan, alegia, Sydneyko Operaren alboan.

Zhangjiajie-ko zubia

Kristalezkoa da. Munduko altuena. Zalantzarik gabe, XXI. mendeko azken ingeniaritza-lan handienetakoa: 488 metroko luzera duen kristalezko pasabidea, 218 metrora zintzilikatuta. Haim Dotan arkitekto israeldarraren sinadura du diseinuak. Modernoa bai, baina ez, ordea, egokia bertigoa dutenentzat, zubia zeharkatzen duenak hutsaren handitasuna ikusten baitu oin azpian, Hongyagu parke naturaleko bi amildegien arteko ibilbidea airean egingo balu bezala. Nolanahi ere, badaezpada ere, debekatuta dute sarrera orratz-takoiak daramatzatenek. Egitura metaliko harrigarriak zeharkatzen dituen mendiei ‘Avatar’ esaten diete, James Cameronek izen bereko pelikula paraje horretan filmatu zuenetik.

Apirilak 25

“Zubi iraultzailea” deitzen diote herritarrek Lisboako eraikuntza esekiari. Hasieran Salazar zuen izena, Antonio de Oliveira Salazar diktadoreari erreferentzia eginez, baina 1974tik, alegia, Portugalen errepublika aldarrikatu zenetik, Apirilaren 25eko zubia da. Zalantzarik gabe, hiriko erreferente bilakatu da, Portugaleko historiaren zati garrantzitsu baten sinbolo.

Rialto

Rialto veneziarra ere ezin da falta munduko zubirik ezagunenen zerrendan. Italiako hiriko Kanal Handia zeharkatzen dutenen artean zaharrena da, eta, gainera, hiriko bakarra izan zen XIX. mendera arte. Antonio da Ponte arkitektoak diseinatu zuen egungo zubia, eta 1588 eta 1591 artean eraiki zuten, jatorrizko zurezkoa ordezkatzeko. Gaur egun hainbat saltoki hartzen dituzte zubiko arkupeek, batez ere turistentzako dendak.

Galatako zubia

Urrezko Adarrean zehar nabigatzen dutenen zaindari izan da mendeetan zehar. Gaur egun, Bosforoaren irudi enblematikoaren ezinbesteko elementua da, une oro bertako arrantzaleez eta saltoki eta jatetxeetako saltzailez zipriztindua. Alabaina, Galatako pasabideak historia luzea du atzean: Otomandar inperioan du jatorria, nahiz eta lehen zubi hura itxuraz aldatu zuten 1863an Napoleon liluratzeko. Hala ere, hura ere ez zen azken birmoldaketa izan, sute batek suntsitu ondoren 1994an berreraiki baitzuten. Galatako zubia, zalantzarik gabe, puntu estrategiko eta sinboliko batean kokatuta dago, hiriaren zati europarra eta asiarra lotzen baititu.

Karlosen zubia

Diotenez, Karlos zubiak ezin hobeto islatzen du Pragaren esentzia. Moldava ibaia zeharkatu eta Hiri Txikia (Malá Strana) eta Hiri Zaharra (Staré Mesto) lotzen ditu 1357az geroztik. Beraz, zaila da Txekiar Errepublikako hiriburua bisitatzea zubitik pasa gabe. Ibilbidean zehar, pertsonaia ospetsuen hogeita hamar estatua daude.

Kateen zubia

Budapesteko zubirik zaharrena da, eta, horrez gain, Danubioko ikonikoena, Buda gaztelua duelako atzean, zaindari gisa. Europa erdialdeko ibai handia zeharkatzen du 1849. urteaz geroztik, baina, bigarren mundu gerran kalte handiak jasan ondoren, 1949an, hau da, inaugurazioaren mendeurrenean, berreraiki zuten. Gaur egun, Hungariako hiriburuaren aurkezpen-irudiaren ezinbesteko fotograma da.

Cau Vang

Kuriosoa da. Bi haitz-esku erraldoik eusten diote 150 metroko pasabideari, 1.400 metrotik gorako altueran. Horixe da, hain zuzen ere, Vietnamgo Nui Chua mendiko Cau Vang zubia (‘Urrezko zubia’) berezi bihurtzen duena. 2018ko ekainean inauguratu zenetik, herrialdeko turismo gidetako ezinbesteko geltoki bilakatu da.

Mostarreko zubia

Gerra baten eta ondorengo berreraikuntzaren ikurra da Bosniako Mostar hiriko zubia, jada historiaren zati ahaztezina. Neretva ibaiaren gainean estrategikoki kokatuta dago pasabide zaharra –XVI. mendekoa– . 1993an hamaika bonbardaketa pairatu zituen, Balkanetako gerra garaian. Azkenik, 2004an egitura erabat konpondu zen eta, harrezkero, uretako jolas tradizionalen eszenatoki bihurtu dute bertako gazteek.

Oresund zubia

Oresund zubiak Danimarka eta Suedia lotzen ditu; zehazki, Kopenhage eta Malmö. Hau da, kontinentea eta Eskandinaviako penintsula. Zubiaren egitura bereziak efektu bitxia eragiten du; batzuetan, badirudi itsasoak zubia irensten duela, harik eta tuneletik berriz agertzen den arte. 16 kilometroko luzera du eta, trenak eta ibilgailuak konbinatzen dituenez, Europako zubi misto  luzeena da.

U Bein

U Bein, Myanmarren, munduko egurrezko zubirik luzeena da. XIX. mendean eraiki zuten Taungthaman aintziran, Mandalay hegoaldean, Amarapuratik gertu. Bertakoek diotenaren arabera, antzinako Birmaniako hiriburua Inwatik Amarapurara aldatu zutenean abandonatutako teka egurrez egina dago zubiaren egitura eta, dirudienez, errege-jauregiaren hondarrak ere baditu. Egunean zehar, baina batez ere egunsentian eta ilunabarrean, herritarrak pasabidean bildu ohi dira, eguneroko irudi koloretsu, alai eta ikusgarria marraztuz. Kilometro luze bat dute elkarrekin egoteko.

Kwai ibaiko zubia

Kwai ibaiaren gaineko zubiari –David Leanek zineman hilezkor bihurtu zuena– ‘Heriotzaren trenbidea’ esaten diote. Arrazoia ezaguna da: Bigarren Mundu Gerran Japoniako Armadak preso hartutako soldatu aliatuek eraiki zuten «heriotzaren trenbidea». Bonbardaketa ugari jasan arren, gaur egun oraindik mantentzen dira jatorrizko altzairuzko sekzio batzuk. Eta, gainera, trenbideko lau kilometro pasatxo egin daitezke Infernuko Pasabidera iritsi arte, Kanchanaburin, Thailandian.

Europabrücke

Europabrücke munduko zubi eseki luzeena da. 494 metro ditu. Valais kantoian kokatuta, Randatik gertu (Suitza), 2017. urteaz geroztik Europako Bidearen (Europaweg) bi gune elkartzen ditu: Grächen eta Zermatt. Bertigoa gainditu eta punturik altuenera – 85 metrora – iristen denak Suitzako Alpeetako gailurrik garaienen panoramika ikusgarriaz gozatzeko aukera paregabea izango du. Bitxia bada ere, hamar aste nahikoa izan ziren Europabrücke eraikitzeko.