Juanma Costoya (Getty Images)

Trenari gorazarre

Garraiobide eraginkorra eta jasangarria da trena, bi mende baino gehiagoko historian. James Wattek, bere makina ospetsuari esker, lurruna menderatu zuenean, asmakizun hark ekarriko zituen aldaketa ekonomiko, sozial eta kulturalak ez zituen imajinatuko beharbada. Burdinbideak eskaintzen dituen aukera ugariek bidaiaria kitzikatzen dute, eta batzuek arreta handiagoa ipintzen diote bideari helmugari baino.

Austriara trenez joatera gonbidatzen zuen kartela.
Austriara trenez joatera gonbidatzen zuen kartela.

Geltokiak bizitzaren metaforatzat hartzen dituzte pertsona batzuek, eta agian halakotik zerbait izango dute, kontuan hartuz gero arte ederrek –arkitekturatik pinturara, zinematik kartelgintzara–, era batera edo bestera, trena erabili izan dutela mezu eraginkorrak zabaltzeko. Andrei Tarkovski poeta eta zinemagile sobietarrak argi zeukan. Eta zinema jaio zen urtean, 1895ean, Lumiere anaiek ere 50 segundo irauten zuen eszena bakarra proiektatu zuten Parisen; izenburua, ‘Tren baten iritsiera La Ciotat geltokira’.

Agatha Christie eta Graham Greene idazleek sortutako intriga eta espioitzako nobelek kultuzko leku bihurtu zuten Londresko Victoria Geltokia. Han sortu zen Orient Express mitoa. Trenak bidaiatzeko modu berezi bat ahalbidetzen zuen: lasaia eta estilosoa. Haien artean zeuden, halaber, gorteko eta lanbide zehatzik gabeko jaun-andreak, argi meheko lanparak eta kafetegi dotore bat.

Mugimenduaren epika hori Europako beste tren askotara eraman zen geroago, besteak beste, Euskal Kosta Expressera, Coco Chanelek Paristik Biarritzera joateko gogokoenera. Jostun eta diseinatzaileak kutxa askorekin bidaiatzen zuen, gau osoan etengabe xextran ibiltzen ziren tximino eta loro batekin.

Getty Images

Getty Images

Trenaren urrezko garai hartan boladako bilakatu ziren afixa turistikoak. Hatsarrean publizitateari lotutako ekimen horrek tipografiaren iraultza ekarri zuen, eta Art Deco, Futurismo edo Art Nouveau bezalako korronte artistikoetan landu zen. Salvador Dali eta Dario de Regoyos margolariek ere kartelak diseinatu zituzten.

Urte askoan, goizeko zortzi eta erdiak pasatxo zirenean, Gasteizko geltokira Lisboatik gauez abiatutako expresoa iristen zen, ondoren Parisko Austerlitz geltokia helmuga zuena. Hango bagoietan tipografia dotorea ageri zen: “Wagons-Litts Nazioarteko Konpainia”.

Bagoi haietako batek Orient Express-eko 3309 zenbakia zeraman, Agatha Christieri eleberri ospetsua inspiratu ziona. Londres eta Istanbul lotzen zituen luxuzko linea desegin ondoren, Irun-Lisboa lineako 24 literako bagoia izatera igaro zen. Europa erdialdera lanera itzultzen ziren migratzaile portugaldarrak ziren bidaiari haietako gehienak. Angolako gerrak eragindako trauma kolektiboaren eta haien etxeak gogoratzeko saudade mingotsaren arteko elkarrizketak zituzten.

Nolanahi ere, Orient Express sortu zen urrezko garaiko oihartzunek bizirik irauten dute gaur egun Donostia eta Santiago de Compostela lotzen dituen Transcantábrico bezalako tren berezietan.

Getty Images
Getty Images
LASAI EDERREAN BIDAIATU

Trenaren zaleak direnek mugimenduen askatasuna goraipatzen dute, kafetegira joan-etorrian gozatzea maite dute, eta distantzia luzeko beste garraio modu batzuetan (autobusean edo hegazkinean, adibidez) pentsaezinak diren harremanak egiten dituzte. Ez da harritzekoa bidaiarien artean intimitate iragankor eta bereziren bat izatea aldian behin. Hain poliedrikoa den bidaiatzeko modu horrek, non faktoreetako bat patua den, mendekotasuna ere sor omen dezake.

Herrialde batzuk ezin dira deskribatu trena aipatu gabe. India da horietako bat. Lurralde zabal haietan barrena trenez lasai bidaiatzea, denbora galtzea bertute bihurtuz, irakaspen bat da. Hemen bidaiako gidari zeregina errebisore hinduak betetzen du. Eta bidaiari gehienak parsiak eta soldadu sijak izaten dira, edo ukiezinen taldekoak eta itxuragabeen kastakoa, errupia batzuen truke bagoia garbitzen dutenak.

Getty Images
DESKOLONIZAZIO PROZESUAK

Asian ehun urteko trenak daude, deskolonizazio prozesuak eta herrialdearen egungo gizarte egitura ulertzen laguntzen diotenak bidaiariari. Esate baterako, Sri Lankako trena, uharte barruko te sailak lotzen dituen tren asmatikoa, leiho irekiekin, eserleku jarraitu eta txikiekin; tren makinaren ezina aprobetxatuz, lokomotorrera saltzaileak igotzen dira fruta erretilu handiez. Paradisu bat da, pantaila elektronikorik gabea. Han bidaiariak solasean joaten dira, alai eta lasai; hori bai, gatazka historikoan dauden bi etnien (tamilak eta zingalesak) arteko komunikaziorik ez dela.

Getty Images
Getty Images
GERRA HOTZA

Erbestean hogei urte eman ondoren, Aleksandr Solzhenitsin idazlea 1994an Errusiara itzuli zenean, hegazkinez Moskun lur hartzeari uko egin zion. Horren ordez, Vladivostokera iritsi zen hegan, eta handik hiriburura Transiberianoan joan zen. Idazleak asteak igaro zituen, geltokietan jaitsi eta igo, tren ezagun hartako janariak dastatzen eta ohe eroso haietan atseden hartzen. Adierazi zuenez, beste ezein esperientziak ez lizkioke hobeto ulertaraziko sorterrian gertatutako aldaketak.

Gisa berean, Ipar Ameriketako mendebaldeko hedapen anglo-saxoia ezin da egoki azaldu “burdinazko zaldiaren” epikarik gabe. Aitzitik, Ipar Amerikako kapital boteretsuak, estrategia politiko makurrez, ez zuen sekula inbertsiorik egin Ibai Handiaren hegoaldeko herrialdeak trenen bidez egituratzeko.

Gety Images

Getty Images

Europako Gerra Hotzak sinbolo asko izan zituen. Horietako bat Praga-Mosku gaueko expresoa izan zen, te beltzaren eta zigarro errusiarren usainez lurrindutako litera bagoiekin. Burdinbide hura bi bloke antagoniko lotzeko zilbor hestea izan zen.

Trena bikaintasunaren erakusleiho gisa erabiltzen duten herrialdeak ere badira. Suitza da adibide nabarmena. Puntualtasun mitikoz, Zermatt eta St. Moritz edo San Gotardo pasabideraino igotzen da, alemanez hitz egiten duten kantoiak italieraz mintzo den Tesino-rekin lotuz. Esperientzia ikusgarria eta interesgarria da, nahiz eta diluitu samar geratzen den hango bidaiarien mimetismoaren ondorioz.

Alpeetako herrialde horretan bisitaria Leman aintzira inguratzera animatuz gero, Lausanatik irteten diren trenetako batean Hugo Pratten hilobiaren aurrera iritsiko da, Grandvauxeko hilerrian. “Corto Maltes Siberian” komikiari erreparatuz gero, trenak primeran marrazten zituela ohartuko zara.

Getty Images
Getty Images
ARTEA ETA ARKITEKTURA

Claude Monet inpresionistak 1877an Normandiako trena Parisko San Lazaro geltokian margotu zuenetik, trenari atxiki zitzaion artearen mundua. Arkitektura ere bai, noski. Adibide onenak geltokiak dira. Istanbulgo Sirkeci geltoki zaharra itxita dago, baina itxarongelako erlojuak eta beirate ikusgarriek bisitariak erakartzen jarraitzen dute.

Helsinkiko Geltoki Nagusia, 1919an inauguratua, trena zirkulu polarrera heltzeko maisulana da. Azken geltokia, Rovaniemi, urki eta aintziretako basotxoen segida etengabeak markatutako hamaika orduko bidaia erosoaren ondoren iritsiko da. New Yorken, Grand Central, munduko handiena, 44 nasarekin, Rafael Guastavino katalanak egindako monumentu historikoa da.

Getty Images

Getty Images

Hotelek ere trenaren mitoa sendotu dute. Istanbulgo Pera Palace ez da ulertzen Orient Express gabe. Ez eta Damaskoko Le Baron ere, Simplon & Taurus Express lineak bere garaian egindako Londresen eta Bagdaden arteko lotura gabe. Gerra zibila piztu aurreko hilabeteetako Sirian Le Baron-en gainbehera erabatekoa zen. Hala eta guztiz, ezerk ezin zuen ezabatu sabai garaiek, marmolezko eskailerek eta garai bateko kartelek eman £zioten luxuzko aura. Alepoko gotorlekurako sarrera edo Ktesifonteko Arkua Iraken irudikatzen zituzten marrazkiak zeuden hormetan, trenen irteera eta etorrerari buruzko informazio praktikoarekin batera.

Trena, azken batean, erabilgarritasun hutsetik askoz harago doa. Bidaiariak ezin dira, besterik gabe, erabiltzaileen kategoria xehean sartu. Pablo Zulaikak “Paisajeros” liburua argitaratu zuen, trenez egindako bidaiak jasotzen dituena; eta deitura hori eman dakieke helmugaz baino gehiago bidaiaz gozatzeko asmotan hara-hona dabiltzan lagunei.