You have accessed a news of payment and have consumed a click of your personal account.
Xabier Bañuelos (X.B. eta Getty Images)
Oradour-sur-Glane, hiri baten sufrikarioa
1944ko ekainaren 10ean, Waffen-SSak Oradour-sur-Glanen sartu ziren, eta, ordu batzuen buruan, bertakoak errukirik gabe sarraskitu zituzten. Hiriaren hondarrek zutik diraute zentzugabekeria haren biktimen oroimenez eta gerren basakeria salatu eta edozein faxismo mota arbuiatzeko. Kale horietan ibiltzeak kontzientzia astintzen du eta gizakia zer-nolako ankerkeriara irits daitekeen ohartarazten du.
Oradur-sur-Glane herriko erdiguneko hondakinen irudia. (Pierre-Olivier Clement-Mantion | Getty Images)
Emaitza, hilotz andana: 190 gizon, 245 emakume eta 207 haur. Biktimen artean, hogei bat emakumezko errefuxiatu errepublikano; horien artean, 39 urteko Carmen Silva bilbotarra
Ez dira garai onak demokraziarentzat. Kezkagarria da gure kontinentean eskuin muturra etengabe hazten ikustea. Madariaga zaharraren hitzak datozkit gogora, ekaitz egun batean panpako bere etxaldean esan zituenak: «Alajainkoa, ze astakeria. Lehenengo Kaiserra izan zen eta orain berriro hasiko zarete horrekin guztiarekin: izurria, gerra, gosea eta heriotza. Eta nire odola daramazu. Beraz, hiltzaile bat sortu dut».
Blasco Ibañezen ‘Los Cuatro Jinetes del Apocalipsis’-en oinarrituta Vincent Minellik egin zuen filmaren lehen zatia II. Mundu Gerraren atarian girotuta dago. Nazismoaren gorakada erakusten du eta jende askoren itsutasuna, uste baitzuten gerrarik ez zela egongo eta Hitler ez zela horretara iritsiko. Baina ideologia totalitarioak beti dira arriskutsuak, eta, Madariagak hil aurretik oihukatzen zuen bezala, «Eta non dago suge bat haziko ez duen paradisua, piztia bat sartuko ez dena? Agure zahar ergel bat zara, agure ameslari inozoa! Uste nuen jada ez nuela sekula berriz Piztia ikusiko».
Bost biktimaren epitafioa, erail zituzten lekuan bertan. (Xabier Bañuelos)
Tranbiaren linea oraindik ukitu gabe duen herriko kalea. (Xabier Bañuelos)
Jende askoren onespenarekin eta beste hainbesteren axolagabekeriaren aurrean, Piztia berriz ere bere atzaparrak erakusten ari den garaiotan, agian egokia litzateke geografian ez ezik historian zehar ere bidaiatzea. Iraganari bizkarra emanda bizi ez garenok, eta are gutxiago iragan hurbilari bizkarra emanda, badakigu beharrezko memoria ariketa dela. Giza amildegi ilunenaren hondoraino barneratzea biktimak oroitzeko eta omentzeko modua da, baina baita pedagogia soziopolitikoa egitekoa ere, ondoren inork ez dezan ihes egin argudiatuz ezin zituela imajinatu faxismoaren aurrean burua jiratzeak izango zituen ondorioak.
Oradour-sur-Glanen, De Gaulle presidente frantsesak hiriaren aurriak zaintzeko agindu zuen, bere horretan uzteko, hondar isilak, oroitzapen izendaezinaren mamuak balira bezala, sekula berriro errepikatu behar ez denaren lekuko
Oradour-sur-Glaneko kaleetan barrena ibiltzea bidaia mingarria da. Egun tragiko hartan, 642 pertsona baino gehiago, guztiak zibilak, bizirik erre edo metrailatu zituzten. Ondoren, eraikinak errez edo bonbardatuz, herria errauts eta obra-hondakinetara murriztu zuten. Biktima kopurua handia izan arren, ez zen sarraski jendetsuena izan. Hori egiaztatzeko, XX. mendeko bigarren gerra handian herri babesgabeetan izandako beste triskantza batzuk aipatzea nahikoa da: Kalavrita, Lidice, Stazzema, Marzabotto, Trochinbrod… batzuk aipatzearren. Baina Oradour-sur-Glanen, De Gaulle presidente frantsesak hiriaren aurriak zaintzeko agindu zuen, bere horretan uzteko, hondar isilak, oroitzapen izendaezinaren mamuak balira bezala, sekula berriro errepikatu behar ez denaren lekuko.
Hilerriaren panoramika. (Emily M Wilson | Getty Images)
Elizan eraildako emakume eta neskatoen oroimenezko plaka. (Xabier Bañuelos)
TESTUINGURU HISTORIKOA
Oradour-sur-Glane, okzitanieraz Orador de Glana, Akitania Berria eskualdeko iparraldean dagoen Vienne Garaia departamenduko limogestar komuna lasaia da. Departamenduko hiriburutik, Limogesetik, 23 kilometrora baino ez dago. Orainaldian hitz egiten dugu, gerraostean fenix hegaztia bezala berpiztu zelako. Lehen harria gerra krimenaren hirugarren urteurreneko egunean jarri zuten. Baina ez zen berreraiki, borrokek kaltetutako Frantziako beste herri batzuk ez bezala; berri bat eraiki zen aurrien ondoan. Gaur egun 2.500 biztanle inguru ditu, eta nekazaritza, industria eta merkataritzaren artean banatzen ditu bere zereginak.
Herritar guztiak plazan bildu ondoren, gizonak taldetan banatu eta hainbat tokitara eraman zituzten, bertan fusilatu eta akabatzeko. Emakumeak eta neskato eta mutikoak lehergailuz betetako elizan giltzapetu zituzten. Detonatu egin zituzten
Bere historia ezagutzen ez duen bisitari batentzat, Camille Corot-ek bere koadroetan islatu zuen ibaiaren harana zipriztintzen duten herrietako bat izan daiteke. Harrigarria izan daiteke iraganeko arrastoak dituen eraikinik ez aurkitzea, baina gainerakoan ezerk ez du susmarazten zer gertatu zen 1944ko zorigaiztoko ekainaren 10 hartan, herri zaharreko kaleei bizitza modu ikaragarrian lapurtu zitzaienean.
39 urteko Carmen Silva bilbotarra. (Xabier Bañuelos)
Eraildako hainbat pertsonaren erretratuak. (Xabier Bañuelos)
ESKARMENTU EREDUGARRIA
Frantziako gerra amaitzear zegoen. Ekainaren 6an aliatuak Normandian lehorreratu eta Pariserantz abiatu ziren. Babes gisa, erresistentziak bere jarduera areagotu zuen Alemaniako erretagoardian, Vichyko Frantziaren barnean zegoen Erdialdeko Mendigunearen eremuan. Hala, ekainaren 7an, Tulle hiria hartu zuen, Oradourretik 100 kilometro hegoaldera. Alemaniarren erantzuna berehalakoa izan zen. Walfen-SSko Das Reich Dibisioa, Montaubanten kantonatuta, bi helbururekin mobilizatu zen: kontraerasoan parte hartuz aliatuei aurre egiten ari ziren tropei laguntzea, eta, bide batez, erresistentzia desegitea, etikari erreparatu gabe. Tulle berrartu eta gerrillaren eta biztanleria zibilaren aurkako errepresio basatiari ekin zioten.
Bereizi gabeko fusilamenduak bata bestearen atzetik egin zituzten, eta dozenaka lagun urkatu jendaurrean kaleetan. Limoges ingurura iritsi eta Oradourren kontra joatea erabaki zuten, arma biltegiak zeuden akusaziopean. Oradour-sur-Vayyresekin nahastu omen zuten. Baina, egia izan ala ez izan, berdin zen, eskarmentu eredugarria eman beharra zegoen eta beren gorroto eta amorrua kargatu.
Elizaren barrualdea. (Xabier Bañuelos)
Der Führer Erregimentuko 1. Batailoiko 3. Konpainiako soldaduak izan ziren borreroak. 14:15ean iritsi ziren eta hiru orduz infernuko ateak ireki zituzten. Gerard Berlinerrek ‘Les amants d'Oradour’ lanean kantatzen duen bezala: «Sur les pères et les fils, les vieillards en fin d’âge, partout se cachait le crime à mitrailler. Et la cloche a fondue sur les mères en cendres. Les frères tenant les sœurs par leurs mains enflammées*1».
Herritar guztiak plazan bildu ondoren, gizonak taldetan banatu eta hainbat tokitara eraman zituzten, bertan fusilatu eta akabatzeko. Emakumeak eta neskato eta mutikoak lehergailuz betetako elizan giltzapetu zituzten. Detonatu egin zituzten. Leherketaren ondorioz hil ez zirenak bizirik erreta edo ihes egiten saiatzean metrailatuta hil ziren. Jarraian, herria arpilatu eta suntsitu zuten, germaniarren sistematikotasunez.
Herriaren aurriak ez dira fisikoak bakarrik, giza espeziearen aurri etikoak dira. Hura babesteko, egonkortze- eta finkatze-prozesu konplexu bat jasan zuten, eta elementuen eraginetik babestu zituzten. Ideia argia zen. Ezin ziren hondatu, eta ezin zituen landaretzak inbaditu ere
Emaitza, hilotz andana: 190 gizon, 245 emakume eta 207 haur. Biktimen artean, hogei bat emakumezko errefuxiatu errepublikano; horien artean, 39 urteko Carmen Silva bilbotarra. Zortzi pertsona bakarrik atera ziren bizirik: Robert Hébras, Jean-Marcel Darthout, Mathieu Borie, Clément Broussaudier, Yvon Roby, Pierre-Henri Poutaraud, Madame Ruffanche eta Roger Godfrin haurra. Inork ez zuen ordaindu. Erantzuleak frontean hil ziren, desagertu egin ziren, asko ez zituzten auzipetu edo ez zituzten estraditatu. 1953ko Bordeleko epaiketan auzipetu zituzten gutxi haiek erruduntzat jo eta kondenatu egin zituzten, baina ondorengo amnistiari esker, zigorrak kommutatu, eta aske geratu ziren. Sarraskia zigorrik gabe geratu zen.
Antzinako biztanleen eguneroko objektuen interpretazio zentroa. (Xabier Bañuelos)
CITÉ MARTYRE
Oradourren espektroan sartzean, Gabriel Fauré-ren ‘Requiem-a re minorrean’ piezako Introitus-a entzuten da nire buruan. Ez dakit zergatik entzuten dudan. Beharbada, ezer egokiagorik ez dagoelako biktimen betiereko oroitzapena ohoratzeko. Baina pauso batzuk eman orduko, huntzez estalitako makal baten oinetan, ia ezabatutako kartel xume batek ‘Silence’ aldarrikatzen du. Kontzientzia kolpe bat bezalakoa da, eta musika oro, are imajinatua ere, iraganeko lanbroetan desagertzen da. Berehala isiltasuna entzuten da, hil zirenekiko errespetuzko isiltasuna, hilobiz hilobiko isiltasuna, metrailadoreen izu, oihu eta triki-traka hilgarriaren burrunbaren oihartzun gorrak entzuten direla.
Herriaren aurriak ez dira fisikoak bakarrik, giza espeziearen aurri etikoak dira. Hura babesteko, egonkortze- eta finkatze-prozesu konplexu bat jasan zuten, eta elementuen eraginetik babestu zituzten. Ideia argia zen. Ezin ziren hondatu, eta ezin zituen landaretzak inbaditu ere.
Plakak hainbat herritarren tormentu lekuetan eta biktimen monumentua. (Xabier Bañuelos)
Kontua ez zen denborak haiek aztarna erromantiko bihurtzea, koadro edo postaletan irudikatuak izateko, baizik eta haien dramatikotasun guztia gordetzea, Cité Martyre baten mina, beldurra, larritasuna eta heriotza islatuz. Izan ere, ikusi behar dena tragediaren txikizioa da, biktimen eta biktima-eragileen itzalak, horma eraitsiak, eraildako pertsonak hobiratu zituzten zorua, arimarik gabeko kaleak, alferrikako linea elektrikoa, tranbiaren norakorik gabeko bideak, horizonterik gabeko leihoak…
Oinez goaz, hauen guztien artean: eraikin eraitsiak, etxebizitzak, biltegiak, dendak, kantinak eta kafetegiak, dentistaren kontsulta, posta bulegoa, garajeak, eskola, farmazia, okindegia, non labean bi pertsonaren gorpu kiskaliak aurkitu zituzten…, bakea noiz iritsiko zain zegoen herri baten etendako bizitzaren artean oinez. Bere horma askotan Ici lieu de supplice dioten plakak daude, exekuzioak izan ziren lekuak gogorarazten dituztenak, eta patio batzuetan, hilarriak, eraildako pertsonen argazkiak eta hobi komunen lokalizazioak agertzen dituztenak. Josteko makina bat, pertz bat, bizikleten hezurdura herdoildu eta hautsiak, auto zartatuak, iturri lehorrak, eguneroko bizitzako objektuak, umezurtz daude; ez eskurik, ez eginbeharrik, ez irribarrerik.
Zenbait eraikinen hondakinak. (Xabier Bañuelos)
Eraildakoei eskainitako plaka. (Xabier Bañuelos)
Bereziki hunkigarriak dira suaren eraginez metal mordo bihurtutako haurtxoaren gurditxoa, edo bizirik atera zirenetako seik ihes egiteko erabili zuten garajea adierazten digun plaka. San Martin eliza zaharra, berriz, leku beldurgarria da. Haren teilatutik, zerura irekita, ihes egiten dute odoletik eta sutatik ihes egiterik izan ez zuten emakumeen eta haurren arimek. Hilerria da beste erromes-leku bat.
Bertan daude biktima askoren gorpuzkiak, eta errepublikano errepresaliatuen omenezko oroigarriak ere ez dira falta. Eta bien bitartean, ‘Guernica’ zati bat duen hilarri batek honela dio: «Oradour sur Glane10 6 1944 / Gernika 26 4 1937 MASSACRÉES PAR LE FASCISME… baina herri baten zuzentasun eta askatasun-oihua ez dute inoiz isilduko / Gernikako Batzordearen izenean». Historiak erakutsitakoa ez ikastearen akatsa behin eta berriz errepika ez dezagun.
Plaka eraildakoen omenez.
Gida praktikoa
Nola iritsi
Autoz. Gure hiriburuak erreferentziatzat hartzen baditugu, iristeko behar den denbora Bilbotik behar den 6 ordu eta erdiren eta Baionatik behar den lau ordu eta erdiren artekoa da.
Zenbat denbora behar den
Hiri modernoaren kanpoaldean daude aurriak, eta zabalak dira. Patxadaz ikusteko, gutxienez goiz bat behar da.
Nola mugitu
Aurriak esparru babestu batean daude eta bisita oinez egiten da. Vienne Garaia edo Limousin historikotik ibilbide zabalagoa egiteko, autoa edo bizikleta hartzea da onena.
Noiz joan
Urteko edozein sasoitan. Egunero dago zabalik eta doakoa da.
Ikusteko beste gauza batzuk
Hondarren ondoan, Oroimenaren Zentro hunkigarria. Erakusketa gune horrek testuinguru historikoan kokatzen gaitu, drama nolabait biziarazten digu eta hausnarketara gonbidatzen gaitu. Herri berrian San Martin eliza berria, Laplaud gaztelua (K.o. XVII. eta XVII. mendeak) eta Hilen Linterna (XII. mendea) bisita daitezke.